Nola jakiten du zelulak non dagoen bere erdigunea?
2001/04/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
New Yorkeko Columbia Unibertsitateko Phong Tran-ek eta bere taldeak The Journal of Cell Biology aldizkarian argitaratu duten lana Schizosaccharomyces pombe legamiari buruz da. Ikertzaileek mikrotubulu-sorta handiak ikusi dituzte, nukleotik zelularen ertzetara doazen proteinazko trenbideak bailira. Aurretik egindako beste lan batzuen arabera, nukleoa trenbideetatik bideratzen zen, ezagutzen ez zuten seinale bati jarraituz. Aldiz, zelularen barruko antolakuntzaren zuzentzaileak mikrotubuluak berak direla erakusten du Tranen ikerketak.
Mikrotubulu horiek zelularen amaieraren aurka bultzatzen dute, nukleoa zelularen ertzetatik erdialdera bidaliz. Mikrotubuluak zelularen ardatzetik ertzetarantz hazten dira, amaierara iritsi arte. Orduan, beren hazkundea gelditu eta erdialdera itzultzen dira, nukleoa bere kokagunera bultzatuz.
Ikertzaileen esanean, nukleoa zelularen erdigunean egotearen mekanismoaren azalpen zuzena izan daitekeela frogatzen du mikrotubuluen indarretan oinarrituta egin duten eredu informatikoak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia