Nola kantatzen dute txoriek?
2002/05/19 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Ez pentsa, ordea, biologoak alfer hutsak direlako gertatu denik hori. Txorien kantua aztertzea ez da batere erraza, txorien ahots-organoa ez baitago gizakiona bezain agerian. Ugaztunetan laringea sudurrarekin lotuta dago, baina txorien ahots-organoa, hau da, siringea, gorputzean ondo gordeta dago. Txoriek ez dute ugaztunek bezala arnasa hartzen. Hauspoen antzera jokatuz, airea biriketan zehar bultzatzen duten aire-poltsak dituzte; eta poltsa horietako batek inguratuta, bihotz aldeko muskulu-mataza tartean, hantxe dago intxaur-itxurako siringea. Ilar txiki baten tamainakoa, gainera. Ulergarria da, beraz, hura aztertzeko hainbeste zailtasun eduki izana.
Baina azkenean, urtetan eginahalka aritu ondoren, txorien sekretua agerira atera dute. Kantuan ipini dituzte endoskopio bat eztarrian behera zutela edo heliozko atmosferan zeudela; arnasketa neurtu diete eta eztarriko muskuluen jarduera aztertu dute. Eta abesteko gai diren txoriek ezaugarri komuna dutela ikusi dute: bi ahots kaxa. Ahots kaxa bikoitzak bi gauza batera egiteko ahalmena ematen die, norberarekin dueto bat osatzea, adibidez.
Abesteko gaitasunik ez duten hegaztiek, ahateak, oilaskoak edo loroak kasu, trakean daukate siringea, justu trakea biriketara doazen bronkioetan adarkatu baino goraxeago. Abesteko gaitasuna duten hegaztien siringea, berriz, beheraxeago dago. Horrela, ahots-organoak bi bronkioak barnean hartzen ditu.
Bikoiztasunari probetxua atereaz
Siringearen kokapena dela eta, ezinezkoa izan da urtetan hura jardunean behatzea. Ikertzaileek zeharkako hurbilketak erabili dituzte, hala nola muskulu bat moztu eta txoriaren kantuan zuen eragina behatzea. Metodo gogorrak, nolanahi ere. Zorionez, duela hamar bat urte aire-fluxua neurtzeko tresna txiki bat txorien bronkioetan ezartzeko modua asmatu zuten. Txorientzat kirurgia txikia da eta ikertzaileentzat informazio-iturri paregabea. Metodo horri esker, hots bakoitza siringearen zein hoditan sortzen den jakin da, eta txoriek kantu konplexuak osatzeko erabiltzen dituzten hainbat trikimailu aurkitu dira.
Batzuek, bi ahotsak aldi berean erabiliz, duetoak egiten dituzte –siringearen hodi batean nota gorakorra sortzen dute eta bestean beherakorra–. Beste batzuek hodiak txandaka erabiltzen dituzte: nota bat bestearen atzetik botatzen dute, azkar eta jarraian. Txori askok bozgorailuaren antzera erabiltzen dute siringea. Ezkerraldeko hodia nota baxuetan trebatuta dute eta eskuinaldekoa, berriz, nota altuetan. Kardinalak, esaterako, kilohertz batetik zazpira leunki igotzen den nota sortzen du, 3.5 kilohertz inguruan ezker hoditik eskuinera igarotzen dena. Baina siringearen bi hodiak berdinak dira, bai tamainaz eta bai egituraz. Dirudienez, alde banatan indar ezberdina egitean datza trebetasuna.
Kanarioek erabilera berezia eman diote siringearen bikoiztasunari: eskuinaldetik arnasten duten aldi berean ezkerraldetik abesten dute. Txorien bi birika-poltsak elkarri lotuta daudenez, alde bakarretik arnastuta ere, bi birika poltsak airez betetzen dituzte. Lan banaketa horri esker, kanarioak gai dira 30 "silaba"-ko kantu-sekuentziak jarraian botatzeko, baina baita segundoko soinu-segmentu laburrak sortzeko ere. Eta airerik gabe gera ez daitezen, "silaba" bakoitzaren ondotik arnas-hartze azkar bat egiten dute. Kantuan abiadura lortzea omen da helburua. Eta zertarako? Antza denez kanario emeek nahiago dituztelako azkar kantatzeko gai diren arrak.
Siringetik mokora
Txoriaren eztarri eta ahoak eragin handia dute gure belarrietara iritsiko den kantuan. Izan ere, eztarri eta ahoan sortutako erresonantziek ikaragarri alda dezakete hasierako soinua. Efektu hori oso nabarmena da giza ahotsean. Gizakion eztarri, aho eta hortzek moldatzen dute norberaren ahotsa bakarra egiten duen tinbrearen eta haiei esker osatzen ditugu bokal eta kontsonanteak. Arrazoi bera medio, heliozko atmosferan hitz eginez gero, ohikoa baino ahots-tonu altuagoa izaten dugu. Ahots-kordetako bibrazioaren maiztasuna apenas aldatzen da helioa arnastu edo airea arnastu, baina, helioa airea baino arinagoa izaki, azkarrago garraiatzen du soinua eta ohikoa baino tonu altuagoa duten erresonantziak nabarmendu egiten dira.
Txoriei ere antzeko zerbait gertatzen zaie. Helioz aberastutako atmosferan kantuan jarriz gero, maiztasun altuko tonuak igortzen dituzte, usakumeen kantuen antzerakoak. Tonu horiek ez dira agertzen txoriek airezko atmosferan kantatzen dutenean. Hori ikusita, mokoaren sabaiak iragazki gisa jokatzen duela postulatu zen, hau da, siringeak sortutako soinuak anplifikatuz, doinu puruak sortzen laguntzen duela.
Baina txori asko zortzidun batetik bestera jauzika ibiltzen dira kantuan, eta, ondorioz, iragazkia etengabe egokitu beharko lukete une bakoitzean doinu egokia sortu ahal izateko. Egokitzapena mokoa gehiago edo gutxiago irekiaz egiten dute. Nota altuak botatzerakoan, mokoa gehiago irekitzen dute, ahogunea txikitzeko eta maiztasun altuagoko erresonantzia sortzeko. Dena dela, galdera asko daude oraindik erantzuteke; adibidez, nola kanta dezaketen txoriek hain ozen.
Itxuraz osoki akademikoak daitezkeen ikerketa horiek guztiek dimentsio berria hartzen dute txorien ahots-sistema gizakien antzerakoa den neurrian. Ikertzaile batzuen ustetan, txoriaren siringea aztertuz gizakien ahots-aparatuari buruz ikastea posible da.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia