Nola sortu zen eguzki-sistema?
1985/12/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria
Azken urte hauetan, astrofisikariek lortu dituzten aurkikuntzek jakingura haundia iratzarri dute maila guztietan. Kuasare, pultsare eta beste zenbait kontzeptu berrik gaurkotasun haundia dute. Halaber, 1965. urteaz gero, mikrouhinen aurkikuntzarekin, teoria kosmologikoen garapenera jo da.
Lan honen asmoa arlo guzti horietan landu diren arazoen aipamena egitea izan da. Hala ere, lanaren luzera dela eta gauza asko utzi behar izan ditut lanetik kanpo, dena dela, huts egin horiek lanaren helburua eta egituraren barnean eragin haundirik izan ez zezaten gaiak ordenatzeko erabili dudan kriterioa hurbiltasuna izan da. Hots lehenengo Eguzki-sistema aztertu da, gero izarrak, hurrengo galaxiak eta azkenik Unibertsoa bere osotasunean. Dena dela, lana bukatzeko denboraren lerro bat dugu beste ikuspegi hori ere ez galtzeko.
Azkenik, gaiarekin hasi baino lehenago esan ukitzen diren puntu guztiak beti zalantza kritiko batekin irakurri behar direla kasu gehienetan gauzak oraindik finkatu gabe daudelako eta urte gutxiren buruan beharbada eskema aldatu beharrean izango garelako.
Eguzki-sistema
Atal honetan gure inguru hurbilena aztertuko dugu. Horretarako, eta ikerkuntza eremu oso zabal bezala aurkezteko, Eguzki-sistemaren jatorriari buruzko teoriarik onartuena kometatuko dugu. Ez dugu Eguzkiaren eta planeten azterketa sakona egingo, lanaren helburuari jarraituz, ikerkuntzarako programa espazialak aipatuko dira, eman dituzten emaitza interesgarrienekin batera.
Eguzki-sistemaren jatorria
Eguzki-sistemaren jatorria aztertzerakoan astronomoek bi zailtasun berezirekin topo egin zuten: batetik, behaketetako datuak gutxi zirela teleskopioen muga teknikoengatik; bestetik, eguzki-sistema bakar bat ezagutzen zutela, gurea hain zuzen ere.
Aurrerago ikusiko dugunez, izarren jaiotza eta eboluzioari buruzko teoria nahiko garatua eta finkatua dago. Bilakaera hau, zeruan, eboluzioko fase ezberdinetan diren milaka izarrak aztertzeko aukera izan delako lortu da. Eguzki-sistemarekin ez dugu zorte berdina izan eta bigarren oztopo hori gainditu ezina da.
Lehenengo aipatu dugun zailtasunari dagokionez, azken hogeitamar urtetan egoera zeharo aldatu da. Eguzki-sistemari buruzko informazio berri kantitate haundia lortu dugu meteoritoen azterketa eta espazialuntziak bidalitako datuak direla medio. Informazio honek asko mugatzen du edozein teoria. Hori dela eta, lehen asko baziren ere, gaur egun teoria nebularra deitzen dena da onartuena eta horixe izango da, noski, segidan desarroilatuko duguna. Teoria honekin Kuiper, Schatzman, Levin, Hoyle (lan batzutan) Cameron, Pive, Perri eta Safronov -en lanak erlazionatzen dira, izen batzuk aipatzearren.
Eredu honen arabera, laburki esan da, Eguzki-sistema orain 4.600 milioi bat urte dela sortu zen gure galaxiako beso batetan, gas eta hautsezko hodei baten uzkurpenaren ondorioz. Hodeia uzkurtuz joan zen neurrian azkarrago biratzen zen, indar zentrifugoak disko itxura ematen ziolarik. Momentu batez disko horren gunea hain masatsu, dentso eta beroa egin zen, bertan hidrogenoaren fusio-erreakzioak sortu zirela hodeia izar bihurtuz: Eguzkia. Gero, Eguzkiaren inguruan geratu ziren hauts zatikiak, elkarrekin bilduz, planetak osotu zituzten.
Goazen ba, orain, teoria nebular honen hari nagusia bilakatzera eta azkenaldi honetan aurkitu zaizkion oinarri esperimentalak aipatzera.
Teoria nebularrak bi oinarrizko baieztapen jotzen ditu frogatutzat: lehena, Eguzkia eta planetak garai berean sortu zirela; bigarrena, planetak izar arteko materiakin osoturik daudela, Eguzkia bezala, eta ez beste izar batek galdutakoarekin (Eguzkiarekin talka egitean adibidez).
Bigarren premisaren justifikazioa, 70. urteetako hamarkadan eginiko deuterio eta hidrogenoaren kantitateen erlazioaren (D/H) neurketetan dugu. Neurketa hauetan garbi ikusten da D/H koefizientearen balioa berdina dela Jupiterren eguratsean eta izar arteko materian, aldiz, Eguzkiaren fotosferan balioa askoz ere txikiagoa da. Interpretazioa oso erraza da. Deuterioa oso ezegonkorra da erreakzio termonuklearrekiko eta izar batean, gai denean, hautsi egiten da berehala, horregatik ez da agertzen Eguzkian. Beraz, planetak izar arteko materiaz osoturik daudela esan dezakegu, eta ez Eguzkiak edo beste izar batek galdutako materiaz.
Lehenengo baieztapenaren oinarri esperimentala Lurraren aztarna geologikoetan dugu; baina interpretazioa ez da izango hain zuzena.
Jakina denez, plutonio-244a eta iodo-129a atomo ezegonkorrak dira, beraien desintegrazio-periodoak 8.10 7 eta 16.10 6 urtetakoak izanik hurrenez hurren. Elementu hauek izar masatsuen leherketetan sortzen dira, leherketaren indarraren erginez espazioan zehar zabaltzen direlarik. Lurraren azterketa geologikoan elementu hauen desintegrazioaren ondarrak aurkitu dira, beraz, nahiz eta gaur egun desagertuak izan, Lurra eratu zenean bazirela esan dezakegu.
Orduan, Eguzki-nebulosa primitiboa izar arteko gas erradiaktiboarekin eratu zenetik planetak agertu ziren arte pasatu zen denbora elementu horien desintegrazio-periodoa baino laburragoa izan zen. Denbora hori gutxi gorabehera 100 milioi urtetakoa izan zela kalkulatzen da; baina oraindik gehiago mugatuko dugu denbora hori izarren jaiotza nola gertatzen den ikusiz.
Izarrak, dakigunez, hodei masatsuen uzkurpenaren ondorioz sortzen dira. Izar arteko materiaz osoturiko hodei horiek galaxiaren gunearen inguruan higitzen dira oso periodo haundiko birak emanez. Beraien bidaietan galaxiaren besoak eta beraien arteko espazioak igarotzen dituzte txandaka.
Txanda bakoitzaren denbora, hau da, beso bat edo beso arteko espazio bat igarotzeko denbora 100 milioi urte ingurukoa izanik, hodeia beso baten sartzen denean dezelerazio haundi bat jasaten du eta uzkurtu egiten da. Halako batean uzkurpen hori hodeian prozesu termonuklearrak pizteko nahikoa izatea gerta daiteke, hodeia izar bihurtuz. Nola lot dezakegu hau guzti hau aurreko paragrafoan esandakoarekin?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia