}

Nola sortzen da zirimiria?

2003/01/21 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Euskal Herriaren bereizgarrietako bat omen da zirimiria. Baina ba al dakizu nola sortzen den? Euria esplikatzeko teoriek ez dute zirimiria azaltzeko balio eta propio sortu diote bat.

Teoria New York-eko zientzialariek plazaratu dute. Ez dute Euskal Herriko zirimiria hartu adibidetzat, baina berdin dio, gurearentzat ere balioko du eta azalpenak.

Euri-tantak baino hamar aldiz txikiagoak

Euri-tanta arruntek pare bat milimetro izaten dituzte eta 9 metro segundoko abiaduran erortzen dira. Zirimiri-tantek, berriz, milimetroaren bostena edo neurtzen dute eta segundoko metro erdiko abiaduraz jausten dira hodeietatik. Airean flotatzen dutela dirudite, baina ongi dakigu besteek bezainbeste bustitzen dutela, edo gehiago akaso.

Adituek onartutako teoriaren arabera, euri-tantak bi fasetan sortzen dira. Nukleazio-fasean, tanta gisan hazi ahal izateko gutxieneko tamaina eskuratzen dute, 0,04 milimetro inguru. Tamaina hori dutenean, hodeian behera erortzen hasten dira eta, haize-laster bortitzen eraginpean, batak bestearekin talka egin, batu eta handitu egiten dira. Gutxieneko tamaina 20 minututan lortzen dute eta ordubetean edo iristen dira zirimiri-tanten tamaina izatera.

Baina, zirimiria botatzen duten hodeietan prozesua ordu laurden batean gertatzen da, askoz ere hodei bareagoetan, gainera. Nola demontre, ordea?

Meteorologoek uste dute aire-zurrunbilo lasaiagoetan tantak azkarrago kondentsatzen eta batzen direla, baina ez dakite efektu hori zenbaterainokoa den. Ez dakite zirimiria esplikatzeko nahikoa ote den.

New York-eko zientzialariek ez dute hori argitu, baina teoria bat proposatu dute. Haien arabera, zirimiri-tantak ere bi fasetan sortzen dira, hau da, lehenik nukleazioa gertatzen da eta, ondoren, nukleazioaren patroi berari segitzen dion beste bat. Bigarren fase hori gaindituta, zientzialariek ikusi dute tantak oso azkar batu eta hazten direla. Zirimiri-tantek, beraz, bi tamaina-muga gainditu beharko lituzkete hasieran, baina, gero, oso azkar haziko lirateke.

Ikerketaren berri gehiago Nature aldizkariaren web gunean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia