Nola ulertu sateliteetako irudiak?
1992/10/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
a.
Uhin elektromagnetikoak irrati-uhinetik gamma uhinera bitartekoak dira. Hauen barruan mikrouhinak irrati-uhinen eta infragorrien artean daude. Uhin-luzerak zentimetro edo milimetroaren tamainakoak dira eta frekuentziak gigahertz-mailakoak. Teledetekziorako, mikrouhinek ohizko argiaren edo infragorriaren (uhin-luzera txikiagoa dute) ondoan abantaila nabariak dituzte. Mikrouhinek, lehenik eta behin, oso garbi bereizten dituzte eguna eta gaua eta zeru hodeitsu zein zeru urdinak arazorik gabe zeharkatzen dituzte. Bestalde, beren helburuen egiturarekiko eta ezaugarriekiko (duten ur-kantitatearekiko, adibidez) sentikortasun handikoak dira.
ERS-1 satelite eta mikrouhinei esker, Lurreko eskualde guztien radar-mapak osatzerik egon da. Oztopo bakarra radar-mapa hauek irakurtzea da. Radar-mapa hauetan nola bereiz daitezke lur hezea eta antzua? Mikrouhinen lengoaia ulertzeko, hain zuzen ere, “Mikrouhinak interpretatzeko laborategi europarra” sortu berri da. Erakunde honek, Italiako Ispra-n Europako Komunitateen Batzordeak duen Teledetekzioaren aplikazioetarako institutuan parte hartzen du. Institutu hau birmoldatu egin da; orain dela gutxi arte ikerketa nuklearrak egiten bait zituen.
Laborategi hau alor honetan diharduen bakarra da eta joan den apirilean inauguratu zen. Bertan egingo diren saiakuntzen bidez, helburuak jotako radar-uhinak interpretatzen arituko da eta interpretazio-legeak arautuko ditu. Oraingoz lege teorikorik ez dagoenez, metodo enpirikoak erabili beharra dago. Adibidez, zuhaitzen itxurak eta tamainak, dentsitateak eta hezetasunak seinalean duten eragina jakiteko laborategian lehenbizi, helburu gisa hostodun zuhaitza kokatzen da, eta ondoren, zuhaitz bera hostorik gabe.
Azkenik, batak zein besteak isladatutako seinaleak jaso eta analizatzen dira eta gauza bera egiten da baina, beste zuhaitz-mota batzuk erabiliz. Egunaren eta gauaren arteko argitasun-aldaketak imita daitezke eta baita aire-aldaketak ere. Landareen hazkundea radarrak somatzen duen ala ez jakiteko, behar diren saiakuntzak egingo dira. Parametro hauen eta mikrouhinak birbidalitako seinaleen arteko erlazioak ezarriko dira eta ondoren aterako diren formula matematikoen bidez, radar-irudiak analizatzerik izango dira.
Baina, Ispra-n, Teledetekzioaren aplikazioetarako institutuak arazo ekologikoak besterik ez ditu aztertzen. Honela Europako Komunitateen Batzordeko nekazal zuzendaritzak, Europako nekazal lurren ebaluazioa egitea enkargatu dio, Europan lurrak oso zatituta eta dimentsio zein egitura aldakorrekoak dira eta. Beraz, zenbait eskualdetan nekazaritzarako eman diren dirulaguntzetan erabilitako irizpideak eta datuak zuzenak diren ala ez baieztatu nahi da.
Hala ere, beste zenbait proiektu martxan da, hala nola ozeanoetako poluzioari buruzko estudioa eta oihan tropikalen azterketa. Eskualde hauen bi mapa aterako dira urtean, deforestazioaren eboluzioa ikusi ahal izateko eta negutegi-efektuak duen eragina detektatzeko.
Mikrouhinak interpretatzeko laborategiak mikrouhinen aplikazio industrialak ikertzen ere aritzen denez, zenbait proiektu martxan ditu alor honetan, hala nola aireportuetatik hurbil dauden radar-interferentziak sortuko ez dituzten eraikuntz materialei buruzko ikerkuntza edo errepidetako trafikoaren gestioa eta antolaketa.
Hala ere, irakurle, artikuluaren hasieran esan bezala, laborategiaren helbururik garrantzitsuena inguratzen gaituzten radar-uhinen hieroglifikoak argitzea da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia