}

Non dago ezkutatuta Lurreko niobioa?

2001/01/05 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Oinarrizko elementuak dauden tokian daudela esplikatzeko Lurraren jatorria azaltzen duten teorietan oinarritzen dira geologoak. Hala ere, zenbait elementu ez daude teoria horiek aurresaten duten tokietan. Britainia Handiko Bristol-go Unibertsitateko J. Wade eta B. Wood geologoek desagertutako niobioa non dagoen badakitela argitaratu dute Nature aldizkarian.

Teorian mantuan egon beharko luke, baina nukleoan omen dago. Bestalde, Alemaniako Bayreuth-ek Unibertsitateko banadio, kromo eta manganesoaren portaera azaltzeko gai direla aditzera eman dute ikerlariek, horiek ere ez baitira beti espero den tokian agertzen.

Disolbagarritasun-kontuak

Lurraren jatorria osagaien nahasteen analisia eginez zehatz daiteke. Izan ere, lurraren zati solido handiena elementu gutxi batzuez osatuta dago. 5.600 km zabal den nukleoa, esaterako, burdina da ia osorik. Gainean mantua dago, batik bat magma eta silikatoz osatua, eta azkenik azala.

Zenbait elementuk disolbagarritasun handiagoa dute burdinetan magman baino. Siderofilo deritze eta Lurra gaztea eta beroa zenean nukleoan finkatu zirela uste da. Beste batzuk siderofilo errefraktarioak dira, burdinetan hobeto disolbatu arren mantuan daudelako. Ondorio horietara iristeko kondrita-motako meteoritoen konposizioarekin konparaketak egiten dira. Kondritak Lurra bezain zaharrak diren arren, ez daude burdinazko eta silikatozko eskualdeetan banatuta eta euren konposiziotik abiatuta, Lurreko elementuen inbentarioa egin daiteke.

Niobioak, siderofilo errefraktarioa izanik, mantuan egon beharko luke, baina ez dago. Geokimikari batzuen aburuz, mantuaren hondoan egon liteke poltsa isolatu batean bilduta, nahiz eta biltegi horiek nola sortu diren azaltzea zaila den. Wood eta Wadek hipotesi hori baztertu egin dute eta saiaketa esperimentalen ondoren, niobioa ez dela siderofilo errefraktarioa ondorioztatu dute eta, beraz, nukleoan dagoela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia