Non dago Hego Poloa?
1996/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Dagokion lekuan ez behintzat, edo horrela uste dute zenbaitzuk. Galdera inozoa dirudien arren, Antartikara joandako geologo-taldeek erantzunaren bila dihardute; horretarako kalkuluak eta tokian tokiko behaketak egiten ari dira. Ez dago erabateko adostasunik, baina argazkian ageri den turistak jakin izan balu!
Lurraren biraketa-ardatzak Hego hemisferioan gainazala ebakitzen duen puntuari polo geografiko deritzaio. Alabaina, argazkian ikus dezakezuena “erreferentziarako poloa” baino ez dela ohartarazi dute geologoek. Bata eta bestearen artean, 10 metro inguruko aldea dagoela ere uste dute geologoek, baina zein norabidetan? Izan ere, izotz-plakak ez dira egonkorrak eta higitzean berarekin daramate gainean dagoena, baita Hego Poloa dioen kartela ere.
Dena dela esan beharra dago arazoa ez dela hil ala biziko arazoa. Geologoek uste dutenez, izotz-plaken higidura neurtzeko zailtasunik ez dago eta horrelaxe egin izan da orain arte. Azken neurketak egiteko esaterako, sateliteen bidezko sistemak erabili zituzten. Datu horiek ezagututa, norbaitek bere gain hartu beharko al luke mugarria urtero-urtero lekuz aldatzeko ardura?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia