Non dago Ipar poloa?
2005/06/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bi dira Ipar poloa kokatzeko gehien erabiltzen diren definizioak: geografikoa eta magnetikoa.
‘Ipar polo geografiko' Lurraren errotazio-ardatzak Lurraren azalarekin bat egiten duen puntuari deritzo; benetako iparra ere esaten zaio. Zehatz finkatutako puntua da 90º N latitudean, eta, handik abiatuz gero, norabidea edozein dela ere, hegoalderantz joaten da.
Ipar polo geografikoa itsasoan dago, Artikoko eremu izoztuan. Ez da erraza hara iristea, eta beti izan da erakargarria abenturazaleentzat. Eta, nola ez, lehenengo nor iritsi zen ere eztabaidagai izan da.
Frederick A. Cook-ek zioenez, 1908ko apirilaren 21ean iritsi zen, baina itzuleran izotz-geruza zartatu eta urtebete behar izan zuen ‘zibilizaziora’ itzultzeko. Hala, Devon uharteko koba batean pasatu behar izan zuten negua berak eta bere bi espediziokide eskimalek. Azkenean, 1909ko apirilean lortu zuten abiapuntu izan zuten Groenlandiara itzultzea eta Ipar poloan izan zirela jakinaraztea.
Robert E. Peary-k, berriz, aldarrikatu zuen Ipar polo geografikora 1909ko apirilaren 6an edo 7an iritsi zela, bost laguntzailerekin. Cook itzuli eta astebetera, hain zuzen. Eztabaidak urte asko iraun du, eta oraindik ere badirau, baina, oro har, garaiko gizarteak Pearyri sinetsi zion, eta urte askoan hura izan da, ofizialki, Ipar polora iritsi zen lehena. Hala ere, 1980ko hamarkadan egindako azterketen arabera, Peary polotik 32 kilometrora geratu bide zen.
Hori hala balitz, Roald Amundsen izango genuke, zalantzarik gabe, Ipar polotik pasatu zen lehena. Hegazkinez pasatu zen Svalbard eta Alaska bitarteko hegaldian, 1926an.
Ipar polo magnetikoa
Sir William Gilbert-ek 1600ean proposatu zuen definizioaren arabera, Ipar polo magnetikoaren kokapena ondorengoa litzateke: eremu geomagnetikoa lurrazalera 90º-ko angeluarekin sartzen den eta iparralderen dagoen puntua. Gaur egun ere indarrean dago definizio hori.
Eremu magnetikoaren lerroak elektroiek polo(-)tik (+)ra jotzeko egiten duten bideak dira; Lurra inguratuz polo(-)tik (+)ra jotzen dute eta bi poloak lotzen dituen ardatzetik (+)tik (-)ra.
Gaur egun, lerro horiek Ipar polo geografikotik atera, Lurra inguratu eta Hego polo geografikora jotzen dute, beraz hori eta Gilberten definizioa kontuan hartzen baditugu, Lurraren Ipar polo magnetikoa, berez, Hego polo geografikoa da. Hala ere, iparralde geografikotik gertuen dagoen polo magnetikoari esaten diogu Ipar polo magnetiko.
Edonola ere, askoz errazagoa da esatea, iparrorratzak Ipar eta Hego hemisferioetan seinalatzen dituen bi puntuetako bakoitza direla Ipar eta Hego polo magnetikoak.
Bestalde, Lurraren bi polo geografikoak lotzen dituen ardatza eta bi polo magnetikoak lotzen dituen ardatza ez dira bera, ezta erabat paraleloak ere; 11,3º inguru desplazatuta daude. Dena den, polo magnetikoak ez dira puntu finkoak, desplazatu egiten dira, eta, gainera, bi poloak ez daude justu kontrako posizioan: Ipar polo magnetikoa gertuago dago iparralde geografikotik (965 km ingurura) Hego polo magnetikoa hegoalde geografikotik baino. Beraz, bi polo magnetikoak lotuko dituen ardatza ez litzateke Lurraren zentrotik pasatuko.
James Clark Ross-ek Boothia penintsulako Adelaida lurmuturrean aurkitu zuen Ipar polo magnetikoa 1831ko ekainaren 1ean. Roald Amundsenek pixka bat mugituta aurkitu zuen 1903an. Eta, gaur egun, Kanadako Heiberg uhartearen mendebaldera dago, itsasoan.
2001etik 2003ra bitartean, 40 km/urte mugitu zen Ipar polo magnetikoa. Lurraren nukleoko burdina urtuaren korronte-aldaketen ondorioa da desplazamendua.
Baina egunean zeharreko mugimendu eliptikoak ere egiten ditu Ipar polo magnetikoak; gehienez ere batezbesteko posiziotik 80 km inguru
desplazatzen da. Mugimendu hori Eguzkiak eremu geomagnetikoan eragiten dituen distortsioen ondorioa da.
Gaur egun, ipar magnetikoa esaten zaiona ipar geografikoaren inguruan dago kokatua, baina egoera hori aldakorra da. Izan ere, Lurraren historian zehar hego geografikoan egon da hainbat alditan. Azkenekoz, duela 500.000 urte inguru alderantzikatu ziren. Lurraren nukleoko likidoen zirkulazioa eten eta berriz abiatzean alderantzikatzen dira poloak, baina oraindik ez dakigu zergatik eteten den zirkulazio hori.
Ez dira bakarrak
Ipar poloa definitzeko bi modu horiez gain, badira askoz gutxiago erabiltzen diren beste bi: Ipar polo geomagnetikoa eta iparraldeko helezintasun-poloa. Baina horiek beste baterako utziko ditugu.
James Clark Ross
Londresen jaio zen 1800eko apirilaren 15ean. Hamabi urte besterik ez zuela, itsas armadan sartu zen bere osaba John Ross-en zaintzapean. Harekin egin zuen Artikorako bere lehen bidaia 1818an. Geroztik, hainbat bidaia egin zituen Artikora. Haietako batean, 1831ko ekainaren 1ean, Ipar polo magnetikoa kokatu zuen osabarekin batera.
1834an kapitain izendatu zuten, eta eremu magnetikoari buruzko hainbat ikerketatan parte hartu zuen.
1839tik 1843ra, Antartikara egindako hainbat bidaia zuzendu zituen, eta, hala, 1841ean, Ross Itsasoa, Victoria lurraldea, Erebus eta Terror sumendiak eta Ross izotz-geruza aurkitu zituen.