}

Nor ote zentzugabeagoa?

2006/11/08 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Klima-aldaketari aurre egiteko, Lurrari itzal egingo dion eguzkitako bat eraikitzea proposatu berri du Roger Angel zientzialariak. Angelek Arizonako Unibertsitateko Steward behatokian egiten du lan, eta mundu-mailako aditua da optikan.
Angelen proposamenaren irudikapen bat.
Irudia: Roger Angel,Arizonako Unibertsitateko Steward behatokia.

Oso serio egin du proposamena. Haren arabera, posible da Eguzkiaren eta Lurraren artean bilioika disko txiki jartzea, lumak bezain arinak. Diskoak eguzkiaren argia errefraktatuko duten material gardenez egingo ditu, eta gai izango dira Eguzkiak Lurrera igortzen duen erradiazioaren % 2 desbideratzeko. Angelen kalkuluen arabera, horrek berdindu egingo luke atmosferako CO 2 maila bikoizteak eragindako berotzea. Zentzugabekeria?

Baietz erantzungo genuke gutako gehienok. Angelek, ordea, nahikoa zehatz kalkulatu du dena. Zenbat disko behar diren, nolakoak, nola jaurti eta kokatuko diren behar den tokian, zer teknologia erabiliko den, baita zenbat denbora eta diru beharko den hori egin ahal izateko ere. Joan den apirilean aurkeztu zuen ideia Estatu Batuetako Zientzien Akademian eta uztailean NASAren Kontzeptu Aurreratuen Institutuaren diru-poltsa bat irabazi zuen ikerketarekin aurrera egiteko. Orain, proiektuaren xehetasunak plazaratu ditu.

Ez da Eguzkiaren eta Lurraren artean hesi bat jartzeko lehen asmoa. 1989an, esaterako, 2.000 kilometroko diametroa zuen ezkutu bat egitea proposatu zuten. Horretarako, baina, Ilargia kolonizatu behar genuen lehenik, han eraiki eta handik jaurti behar baitzen ezkutua!

Aspaldiko beste ideia bat atmosfera sufrez aberastea da, sumendien erupzioekin behatu den fenomenoa imitatzeko. Izan ere, estratosferako sufreak eguzki-izpiak islatzen ditu, eta, ondorioz, Lurra hoztu egiten da. Ideia zaharra da, eta ez da inoiz serio hartu, baina joan den udan berreskuratu egin zuen Paul Crutzen Nobel saridunak . Crutzen Kimikako Nobel saria jasoa da ozonoaren inguruan egindako ikerketengatik, eta, haren esanean, berotegi-gasak murrizteko nazioarteko ekinbide faltagatik etsita heldu dio ideia horri.

Baina Nobel saridun etsitu baten babesa jaso arren, geoingeniaritza-proiektu horiek jarraitzaile eta sinesgarritasun gutxi dute gaur egun. Bigarren Mundu Gerratik 70eko hamarkadara arte diru asko inbertitu zuten Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak klima kontrolatu eta manipulatzeko proiektuetan (gerrarako arma gisa ikusten zuten), baina orduz gero erabat bazterrean utzita daude. Gainera, egitea posible izan edo ez, geoingeniaritza-proiektuak ez dira politikoki zuzenak; soluzio teknologiko sofistikatuen esperantzak gizartea lasaitzea eragin dezake, baina, batez ere, klima-aldaketarekiko eszeptiko direnek baliatzen dituzte maiz.

Hain zuzen ere, gogoeta horrekin hasten da RealClimate blogean Gavin Schmidt NASAko ikertzaileak gaiari buruz idatzitako artikulua (aspaldion klima-aldaketari buruzko erreferentziazko gunea bilakatu da). Crutzenen proposamenari ez dio etorkizunik ikusten, eta nik maltzurki pixka bat gehiago garatuko dudan analogia batez baliatzen da zergatiak azaltzeko.

Aspaldiko beste ideia bat atmosfera sufrez aberastea da, sumendien erupzioekin behatu den fenomenoa imitatzeko.

Schmidtek itsaso zabalean dagoen itsasontzi batekin konparatzen du klima. Konparazioan dio ontzia olatu batek iraultzeko arriskua finitua dela kondizio normaletan, baina arriskua handiagotu egiten dela bidaiarietako bat zutik jarri eta ontzia zakar mugitzen hasten bada. Egoera horretan, arriskuari aurre egiteko irtenbidea proposatzen du ontziko beste bidaiari batek: dinamika kaotikoan oinarritutako sistema baten bidez, zutik dagoen bidaiariaren mugimendua eta olatuek sortzen dutena neutralizatzea. Horretarako, baina, sentsore pila bat eta konputazio-ahalmen izugarria behar dira, eta, gainera, ezin du ziurtatu ontziari erabateko egonkortasuna emango dionik; areago, sistema inoiz probatu ez denez, litekeena da egoera okertzea ere. Galdera batekin amaitzen du artikulua Schmidtek: klima-aldaketari aurre egiteko estrategia horri jarraituko diogu? Edo zutik doan bidaiaria eseraraziko dugu?

Eser dadila, noski. Zalantzarik ez. Angelek eta Crutzenek ere gauza bera esan dute. Baita nik ere. Eta ia guztiok. Kontua da klimaren ontzian zutik dauden guztiak Nairobin daudela enegarren aldiz bilduta, eta enegarrenez ari direla elkarri esertzeko esanez; eta baten batek, gainera, ez du onartzen zutik dagoenik ere.

Berria egunkarian argitaratua.