“Norberak bakarrik, agian, asko aurreratuko du, baina urrun joateko taldea behar da”
2025/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gorka Orive Arroyo (Gasteiz, 1976) Farmaziako katedraduna da, eta irakaslea eta ikertzailea Euskal Herriko Unibertsitatean. Geroa Diagnostics konpainia bioteknologikoaren sortzailea ere bada; besteak beste, alzheimerra listuaren bidez diagnostikatzeko test bat garatzen ari dira. Beste zenbait ikerketa-proiektutan ere badihardu; adibidez, medikuntza birsortzailean eta farmazia jasangarrian. Leku nabarmena du aipamen gehien dituzten ikertzaileen zerrendetan, hala nola Standford Unibertsitatearen rankingean, eta ahalegin berezia egiten du zientzia eta ikerketa gizarteratzeko, sare sozialen bidez.
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?
Justu aurten 25 urte betetzen dira gradua bukatu nuela. Atzera begiratzean, ikusten dut duela bi urte, 2023an, katedradun bilakatu nintzela. Hori mugarri bat da, baina, oro har, irakasle- eta ikertzaile-lanetan, garbi ikusten dut zenbateko garrantzia duen esperientziak. Esperientziak eman dit helburuak garbi izateko argitasuna eta haiei heltzeko sendotasuna.
Horretaz gain, iruditzen zait aukerei heltzeko intuizioa izan dudala. Horrek ez du esan nahi beti baietz esan dudanik, baina, urte hauetan, zenbait ikertzailerekin harremana izateko aukera izan dut, eta pozik nago ausarta izan naizelako. Adibidez, Eduardo Anitua Aldecoa ezagutu nuenean, haren proiektua ezagutzeko aukera izan nuen, eta, inolako zalantzarik gabe harekin kolaboratzen hastea erabaki nuen. Asko lagundu dit jakiteko nolakoa den enpresa-mundua.
Gauza bera gertatu zen duela 10 urte, neure enpresa propioa sortu nuenean. Agian normalena izango zen neraman bidetik jarraitzea, gauza berrietan sartu gabe. Baina niretzat funtsezkoak dira berritasuna eta ilusioa; jendeari lagunduko dioten proiektuak sortzeko eta haietan jarduteko ilusioa.
Alderdi teknikoaz gain, ezinbestekoa da alderdi soziala, harremanak. Norberak bakarrik, agian, asko aurreratuko du, baina urrun joateko taldea behar da. Taldeak osatzeak pizten nau.
Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?
Errazena izango litzateke erantzutea gustatuko litzaidakeela gaixotasun larri bat gainditzeko zerbait garatzea edo asmatzea... Alabaina, nire kasuan, nahiko urrun ikusten dut. Nire ametsak ez dira hain distiratsuak, eta zerikusia dute egiten ari naizen proiektuekin.
Adibidez, alzheimerraren diagnostikoan laguntzeko tresna baten garapenean kolaboratzea egokitu zait. Hortaz, nire ametsa da tresna hori jendearengana iristea, eraginkorra izatea, eta hedatzea. Jendearentzat lagungarria izan dadila; hori da nire ametsa.
Bestalde, farmazia, jasangarritasuna eta ingurumena lotzen dituen proiektu batean nabil, eta horrekin gauzak aldatzea eta hobetzea amets bat da; eta betetzen ari da, gainera.
Etorkizunean, gustatuko litzaidake hezkuntzan jarraitzea, eta irabazi-asmorik gabeko proiekturen bat sortzea. Fundazio bat sortu nahiko nuke, aipatutako proiektu horietan sakontzeko, eta jendearentzat lagungarri izateko.
Azkenik, sare sozialetan egiten dudan lanarekin segitu nahiko nuke. Asko aldatu dira, baina uste dut garrantzitsua dela zientzia-dibulgazioa egiten jarraitzea espazio horietan; bereziki, egia-ostearen garaiotan.
