"Nork bere aukerak bilatu behar ditu"
2016/11/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Edurne Mugarza Strobli gaztetatik gustatu zaio zientzia, batik bat zientzia molekularra eta zelularra. Dioenez, medikuntza ere oso interesgarria iruditzen zitzaion, “baina ez nuen nire burua sendagile-lanetan ikusten”.
Hala, biokimika ikasi zuen. Garai hartan ohartu zen gaixotasun asko sendatzeko ikerketak garrantzi handia zuela. “Beti izan dut interes berezi bat minbiziarekiko, eta medikuntzan erabiltzen diren sendagai guztien atzean ikaragarrizko ikerketa lana dago. Horrek bultzatu ninduen praktikak egitera laborategian. Hango dinamika ikaragarri gustatu zitzaidan, eta konturatu nintzen mundu honetan jarraitu nahi nuela”, azaldu du. Eta gehitu du: ”Gutxika sartu nintzen mundu honetan eta, oraingoz, ez naiz damutu”.
Horretarako, jende askorengana jo du, esperientzia hartzeko ezinbestekoa baita praktikak egitea, baina ez da erraza praktikak egiteko laborategi batean onartua izatea. Hortaz, uste du ekintzailea izan beharra dagoela: “Nork bere aukerak bilatu behar ditu, hau da, zerbait nahi baduzu, zuk bilatu behar duzu modua hura eskuratzeko”.
Bestalde, ikertzaile-lanak alde on eta txarrak dituela onartzen du. “Pertsona gehienentzat oso zaila da ulertzea laborategian pasatzen ditugun orduak. Hau ez da 'egunean 8 ordu' motako lanbidea. Erraza da egun normal batean 10-12 ordu laborategian egotea, edo asteburuetan lan egitea. Asko gustatu behar zaizu egiten ari zarena. Dena den, gauza onak ere baditu; adibidez, ez dago ordutegirik, bakoitzak nahi bezala banatu dezake denbora”.
Lankideak akuilu eta babes
Horrez gain, lankideekin harreman ona izateak izugarrizko garrantzia duela iruditzen zaio Mugarzari. “Ziur nago hau oso garrantzitsua dela lanbide guztietan, baina honetan bereziki; ez bakarrik ordu asko igarotzen ditugulako elkarrekin, baita ere jende gutxik uler dezakeelako zer sentitzen den esperimentu batek funtzionatzen ez duenean”. Are gehiago; dioenez, egunero ikasten du zerbait lankideetatik: “Oso motibagarria da giro batean egotea, non pertsona guztiek zientziarekiko pasioa duten”.
Orain doktoretza egiten ari da Londresen, eta han emango ditu hurrengo lau urteak. Horren ondoren, ez daki zertan arituko den. Agian ikertzen jarraituko du, baina, beste zerbait probatzekotan, garbi du zientziaren edo medikuntzaren arloan izango dela.
“Ez dut amets handirik”, dio, apal. Hala ere, bada asko poztuko lukeen zerbait: “Niretzat politena izango litzateke nik deskubritu edo lan egin dudan zerbaitek egunen batean minbizia sufritzen duen gaixo bati laguntzea”.
Edurne Mugarza Strobl Iruñean jaio zen, 1992an. Nafarroako Unibertsitatean Biokimika ikasi zuen lau urtez, eta uda haiek praktikak egiten eman zituen, Iruñean zein Chicagon. Ondoren, bi urte pasatu zituen Alemanian masterra egiten, Minbizi-Biologia espezialitatean, eta 3 hilabetez praktikak egin zituen Londresen. Orain Londresko Francis Crick institutuan dago, doktoretza egiten, eta hurrengo lau urteak han emango ditu, minbizi-immunologia arloko proiektu batean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia