Nukleoporinak, zahartzaroaren errudunak
2009/01/29 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
Belaunetako mina, hezurretako mina oro har, oroimen-gabezia eta abar adinarekin azaltzen dira. Horiez guztiez gain, ordea, adineko pertsonen zeluletako nukleoek duten beste gabezia bat aztertu dute San Diegoko Salk Institutuko zenbait biologok, Kalifornian. Pertsona horien zelulen nukleoetako poroak ahuldu egiten direla ikusi dute. Poro horiek ezinbesteko funtzioa betetzen dute. Hain zuzen ere, poro horiek nukleora sartzen diren eta nukleotik irteten diren molekulak kontrolatzen dituzte. Irudian muskulu-zelulen nukleo bat ikus daiteke.
Poro bakoitza nukleoporina izeneko 30 proteinaz osatuta dago, gutxi gorabehera, eta nukleoporinek nukleora zer sartzen den eta handik zer irteten den kontrolatzen dute.
Zelula bat zatikatzen den bakoitzean, zelula horrek nukleoko poroak berritzen ditu. Gertatzen dena da adineko pertsonetan zelula gehienak ez direla zatikatzen. Zelula horietan, zenbait nukleoporina ordezkatzen dira aldizka; gainerakoak, ordea, ez dira ordezkatzen, eta ez dute beren funtzioa behar bezala betetzen. Esaterako, adineko arratoi baten nukleoak poro horietatik zeharkatzeko astunegia den molekula bati pasatzen uzten diola ikusi dute.
Oraindik ez daukate oso argi poro horien eta adinaren arteko harremana zein izan daitekeen, baina uste dute litekeena dela zenbait proteinak nukleoan barrena sartzean jarduera genetikoa asaldatzea.Irudia: Martin Hetzer
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia