}

Numerologia (III)

1996/07/01 Angulo, Patxi Iturria: Elhuyar aldizkaria

Norberaren ezaugarriak eta ahalmen pertsonalak gidatzen omen dituzte. Iritzi horretakoak dira behintzat historian zehar agertu izan diren teoria desberdinak. Zenbakien esanahiaz arduratu dira eta beren esanahi unibertsalak, sinboloak edota esanahi pertsonalak zehatz-mehatz aztertu dituzte. Maiatzeko zenbakian lehen hurbilpena eskaini genizuen, lau zenbakira bitartekoa. Eta zorretan ginenez...

Bost zenbakia

Esanahi unibertsalak: Zoriaren zenbakia da: batzuentzat sakratua eta faboragarria bada ere, beste batzuentzat zalantzagarria, etsigarria eta arriskua dakartza. Sentimenak bost dira, eta gorputz erregularrak ere bai: tetraedroa, hexaedroa (kuboa), oktaedroa, dodekaedroa eta ikosaedroa. Halaber, txinatarren bedeinkapenak ere bost dira: biziraupena, aberastasuna, osasuna, bertutea eta heriotza naturala. Eta giza gorputza ere bost erpinetako izarra da, bi besoek, bi hankek eta buruak osatzen dutena, alegia. Goragoko mailari begiratuz gero, bost zenbakiak aztia esan nahi du, botereen kontrolatzaile eta jarraitzailea. Naturan maiz aurkitzen da zenbaki honen arrastoa eta sexualitatearekin zerikusi handia du. Egonkortasuna da bere gabeziarik garrantzitsuena, baina aurkakoak biltzeko gaitasuna du: lehen zenbaki emea, bia, eta lehen zenbaki arra, hirua. Bost zenbakia ere arra da; bat eta bederatzi arteko erdiko puntua.

Sinboloak: Merkurio, Hermes aztia, eskua, gorputza, pentagrama eta Canzer.

Ikurra: Arkuaren giltzarria.

Esanahi pertsonalak: Bost zenbakidunak abenturazaleak dira, talentudunak, adimentsuak, originalak eta sortzaileak. Elastikotasuna eta indar moral handia izan ohi dute, baina ezkutuan, porrotari beldur diote. Langile azkarrak dira, bai fisikoki eta baita buruz ere. Batzuetan kritikoki jokatzen dute, baina hobetzeko barne-borrokaren islada baino ez da hori. Sentsualak eta lurtarrak dira. Ez dute denbora askorik behar kolperik gogorrenetatik ere indarberriturik ateratzeko. Jokalariak eta jokozaleak dira eta, dirua azkar irabaztearren, den-dena arriskatzeko prest daude.

Bost zenbakidun negatiboak sarkastikoak, harroputzak, puztuak eta handigurak dira eta denbora asko ematen dute beren burua miratzen. Batzuk nahasiak eta haragikoiak dira eta beste batzuk urduriak, haserrekorrak eta buruz ezegonkorrak.

Etorkizunari loturik, zorioneko aukera franko eta arriskatzeko uneak irudikatzen ditu. Etxe- edo lan-aldaketa ere adieraz dezake. Komunikatzeko eta norberaren ideiak bultzatzea ere, bost zenbakiari dagozkio.

Xeratsuak, leialak, maitagarriak eta eskuzalabak dira, nahiz eta besteengandik laguntza onartzea kosta egiten zaien. Jeloskorrak eta gaitzikorrak ere badira, baina ziorik dagoenean soilik.

Hitz gakoak:
Positiboentzat : abenturazalea, adimentsua, indar morala, burutsua eta sexuala. Negatiboentzat : harroa, sarkastikoa, haragikoia, ezegonkorra, haserrekorra eta urduria.

Sei zenbakia

Esanahi unibertsalak: Sei zenbakia gizakiaren arima da, uraren eta suaren bilkura adierazten duelako. Zenbaki perfektua da, bere zatitzaileen batura baita (1+2+3=6). Zirkunferentziak 360° ditu, gradu batek 60’, eta minutu batek 60”. Kreaziorako sei egun behar izan ziren eta, beraz, ahaleginaren amaiera adierazten du. Maitasunaren, bikoteen eta etxeko zoriontasunaren zenbakia da. Zenbaki hermafrodita.

Sinboloak: Artizarra, Diana, Jano, bihotza eta Tauro.

Ikurrak: Triangelu bikoitza edo zirkulua sei zatitan, izpirituaren eta gorputzaren batasuna zein jainkoaren eta gizakiaren arteko harmonia adierazten dituena.

Esanahi pertsonalak: Sei zenbakidunak erromantikoak dira eta idealismora jotzeko joera dute. Beren etxeak eta objektu ederrak maite dituzte. Arteak, poesiak eta musikak lilura berezia sortzen dute sei zenbakidunengan. Irudikorrak, sortzaileak dira; koloreetarako eskua dute eta arte-adierazpen guztietan nabarmentzen dira. Hiru zenbakiak duen ahalmen sortzailea bikoiztu egiten da hauengan. Adimentsuak, liberalak, inpartzialak, orekatuak, fidatzekoak, bakezaleak eta etxezaleak dira. Bizimodu lasaia atsegin dute eta beren inguruan den-denak harmoniatsu behar du izan.

Sei zenbakidun negatiboek beren nahia muturrera eramateko joera izaten dute eta ondorioz, zorrotzak, arduratsuak, azalekoak, harroak eta berekoiak izan daitezke. Berriketarako zaletasuna izaten dute batzuek.

Etorkizunarekin lotuta, etxeko gauzak beti ordenaturik izateko beharra adierazten du. Dibortzioa eta ezkontzak zuzentzen ditu.

Leialak, fidelak, xeratsuak. Beren seme-alabak beti laguntzeko prest agertuko dira. Ezkondu eta gero, bikotea lagunak baino nahiago izaten dute. Ez dituzte ika-mikak maite; eskuzabalak dira, burutsuak eta zuzenak.

Hitz gakoak:
Positiboak : etxezalea, fidagarria, harmoniatsua, ideialista, leiala, sortzailea eta zintzoa.
Negatiboak : bere buruarekin kontent egotea, azalekoa, berekoia, berritsua.

Zazpi zenbakia

Esanahi unibertsalak: Misterio ezkutuak, zeremonia magikoak eta igarmena zuzentzen dituen zenbakia da. Gizarte gehienetan, zenbaki sakratua eta mistikoa da zazpia. Jainkoaren indarra naturan adierazten du eta, zatiezina denez, jainkoaren beraren parekoa da. Hiru dimentsioetatik —luzeratik, zabaleratik eta sakoneratik— gorputzaren lau mailak eratortzen dira: puntua, lerroa, gainazala eta gorputza. Bere buruarekin behin eta berriro batuz gero, bederatzi zenbakiak sortzen ditu (14/5; 28/1:…). Zazpigarren egunean, Jainkoek eta gauza guztiek atsedena hartzen dute, gogoetarako eta kontenplaziorako denbora behar delako, eta horixe adierazten du zazpi zenbakiak.

Bukaeraren aurreko urratsa ere esan nahi du eta gizakiaren bizitzaren iraupenarekin ere (70 urte) lotzen da. Bizitzaren erritmoak gidatzen ditu. Antzina ere, zazpi landare-mota nagusi ziren; asteko egunak zazpi dira eta ilargiaren lau faseen iraupena zazpi egunekoa da. Espektroko koloreak zazpi dira, baita musika-eskalaren notak ere; buruaren zazpi ezaugarriak (zazpi zuloak) eta alfabeto grekoaren zazpi bokalak. Zazpigarren seme-alaba baten zazpigarren seme-alabak botere ezkutuak izan ohi ditu.

Bestalde, zazpi zenbakiak botere handia du ume baten bizitzan: jaio eta zazpi ordutara jakingo da biziko denentz; zazpigarren egunean, zilbor-hestearen hondarra eroriko zaio; hamalaugarren egunean, begiak argirantz zuzenduko ditu eta hogeita batgarren egunean, burua jiratzeko gauza izango da; zazpigarren hilabetean hortzak aterako zaizkio; hamalaugarren hilabetean tente eserita jarriko da; hogeita bat hilabeterekin mintzatzen hasiko da eta azkenik, hogeita zortzi hilabeterekin erori gabe ibiltzen hasiko da. Horra hor, zazpi zenbakiaren indarra.

Izpirituaren garaipena materiaren gainean, hiru eta lauren, zeruaren eta lurraren eta bizitzaren eta gaiaren batasuna adierazten ditu. Naturan, polinizazio gurutzatua jasan ez duten landareek zazpi petalo dituzte, lotoak, hots, budismoaren ikurrak, esate baterako. Budaren iritziz, izan ere, zazpi petalo horiek erlijio guztien jatorria diren zazpi planeten funtzio sortzailea adierazten zuten, eta izpiritu sortzaile hori gauza guztien iturburua eta oinarria zela esan zuen.

Sinboloak: Neptuno, zazpi adarretako bizitzaren zuhaitza, zazpi besoko argimutila, zazpi mailako zigurata, triangelua karratuaren gainean, kosmoaren eta gizakiaren denbora ziklikoa eta ezaugarri mazonikoa adierazten dituztenak.

Ikurra: Zazpi erpineko izarra.

Esanahi pertsonalak: Zazpi zenbakidunek mistizismoa eta ezkutukoa dute maite. Askotan, igarleak izaten dira. Amets fantastikoak dituzte eta bere ametsetan egonik, ez dira batere praktikoak izaten. Bakartiak dira, gogoetak egiteko bakarrik egotea beharrezkoa zaielako. Beren ideia erlijiosoak ez dira oso ortodoxoak eta maiz, erlijio propioak sortzen dituzte. Oso intuitiboak dira, eta baita irudikorrak ere. Poeten, filosofoen eta eruditoen zenbakia da zazpia. Arrakasta eta ezagupena behar dituzte garatzeko, zapuzturik ez geratzeko. Bidaiatzea maite dute, horrek kultura eta bizimodu desberdinak ezagutzeko aukera eskaintzen dielako.

Zazpi zenbakidun negatibo batzuek depresiorako eta malenkoniarako joera izaten dute. Beste batzuk, isilak, sarkastikoak edo alferrak dira oso. Mintzatzerakoan, batzuetan nahasiak eta inkoherenteak izaten dira.

Etorkizunari dagokionez, ilusioa eta alferra inplikatzen ditu. Sentimenduetan probarako garaia izango da eta ekonomian, ez du aukerarik emango akordioa lortzeko. Gertakariei aurre egiten ikasi egin behar dute, eta egindakoaren erantzukizuna onartzen.

Zazpi zenbakidunak suharrak eta samurrak dira. Beren posibilitateen gain bizi dira. Erakargarriak eta indibidualak dira.

Hitz gakoak:
Positiboentzat : mistikoa, intelektuala, filosofikoa, diskretua, bakartia eta kontenplazioa maiteduna.
Negatiboentzat : alferra, isila, ameslaria, depresiboa, malenkoniatsua, ez-praktikoa eta nahasia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia