Obarioak kimioterapiatik babesteko molekula bat probatu dute saguetan
2013/05/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kimioterapian erabiltzen den botiketako batek, ziklofosfamidak, obarioetan duen eragin kaltegarria aztertzeaz gain, kalte horretatik babesten duen molekula bat aurkeztu du Israelgo ikertzaile-talde batek. Science Translational Medicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, haren arabera, sagu emeei ziklofosfamidarekin batera AS101 izeneko molekula emanez gero, obarioek kalte txikiagoa paiaratzen dute, eta saguek ez dute ugalkortasuna galtzen.
Ikertzaieek azaldu dutenez, ziklofosfamidak obarioetako folikuluak aktibatzen ditu, eta horrek zaurgarri bihurtzen ditu hurrengo dosien aurrean, botikak bikoizten ari diren zelulak hiltzen baititu. Are gehiago, ikusi dute aktibazio hori PI3K proteinaren bidez kontrolatzen dela. Eta, hain juxtu, proteina horren aurka egiten du AS101 molekulak. Hala, ziklofosfamidarekin tratatzen ari ziren sagu batzuei AS101 eman zieten, eta frogatu zuten horri esker folikuluek kalte txikiagoa jasaten zutela.
Babes-neurriak, gaur egun
Onkologikoko Arrate Plazaola espezialistaren ustez, molekula eraginkorra izan badaiteke ere, oraindik goiz da esateko emakumezkoentzat mesedegarria izango ote den ala ez. Horrez gain, gaur egun ere ugaltzeko aukera ez galtzeko eta obarioak babesteko neurriak hartzen dituztela azaldu dio Elhuyar aldizkariari.
Hasteko, kimioterapiak ez duela halabeharrez antzutzea ekartzen gogorarazi du Plazaolak: “Tratamendua ezartzeko, beti hartzen da kontuan eman beharreko botikek zenbaterainoko eragina duten ugalkortasunean, ahalik eta tratamendu arinena edo kalte txikiena egiten duena emateko. Hala ere, kasu batzuetan badakigu obarioek kalteak jasango dituztela. Orduan, beste espezialista batzuengana bideratzen ditugu, dauden aukeren artean egokiena aukeratzeko”.
Aukera horien artean, obozitoak edo obulutegiaren azala erauztea eta izoztea aipatu ditu Plazaolak, “gerora, in vitro ernalketa bidez haurrak edukitzeko aukera izan dezan”.
Azkenik, Isralego ikerketaren antzera, obarioak babesteko botikak ere erabiltzen direla esan du. “LH-RHaren analogoak dira botika horiek, eta kasu batzuetan emaitza ona ematen dute. Nolabait esateko, obulua lokartu egiten dute, hilekoa desagertu egiten da, eta, hala, kimioterapiaren kaltea txikiagoa da”.
Azken finean, kimioterapiaren albo-ondorioak apaltzeko ikerketek interes berezia dute, eta mundu osoko laborategietan ari dira egiten saiakerak, pazienteen ongizatea zaintzeko asmoz.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia