Objektu makroskopikoak "ikusezin" egin dituzte
2011/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bi ikerketa-talde independentek begi hutsez ikus daitezkeen objektuak ikusezin bihurtzea lortu dute, gainean kaltzita-kristal gardenak jarrita. Bietako batek, Singapurko SMART zentrokoak, lortu du kaltzitak ur azpian ia lau zentimetroko altzairu-puska bat ikusezin bihurtzea. Besteak, Imperial College Londongoak, berriz, airean lortu du ikusezin bihurtzea zentimetro gutxi batzuetako altuerako objektuak. Azkeneko talde horren buru John Pendry fisikaria da, 2006an lehen aldiz ikusezintasun-kapak proposatu zituen zientzialaria.
Ikusezintasun-kapa esaten zaie objektu jakin baten gainean jarrita argia objektu hori egongo ez balitz bezala desbideratzen duten materialei. Izan ere, hori da objektuak ikusezina bihurtzearen sekretua: argia desbideratzea. Hala, sartzen den argia eta ateratzen dena desbideratzen dute ikusezintasun-kapek, eta ematen du objektu baten azpian dagoen gainazalean errebotatu duela argiak, objektu horretan egin beharrean.
Lehenengo ikusezintasun-kapak 2006an proposatu bazituzten ere, eskala mikroskopikoko objektuak baino ez zuten lortu ikusezin bihurtzea, eta mikrouhinen uhin-luzeretan bakarrik ziren ikusezin. Ikusezintasun-kapak berak, gainera, oso garestiak ziren, silizezko mikroegitura konplexu batzuk baitzituzten osagai.
Orain erabili duten kaltzita, berriz, berez sortzen den kristal bat da. Haren ezaugarri bereizgarrietako bat da kristalaren orientazioaren arabera desberdin desbideratzen duela kristala zeharkatzen duen argi polarizatua. Hala, sartzen den eta ateratzen den argia nahi adina desbideratuko duten bi kaltzita-kristal itsatsita eratu dute "ikusezintasun-alfonbra", eta haren azpian sartu dituzte aipatutako objektuak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia