}

Odol gaztea, ez hain ahaltsua

2017/11/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kondairen esanean, gazteen odolari esker lortzen dute banpiroek hilezkortasuna. Eta, beste kondaira askok bezala, horrek ere badu benetako oinarri bat. Izan ere, saguekin egindako esperimentuetan ikusi dute gazteen odolak gaztetu egiten dituela zaharrak. Zehazki, frogatu dute gazteen odolaren transfusioak eraginkorrak direla zahartzaroarekin lotutako asaldurak apaltzeko.

Pertsonetan ere halako emaitzak lortzeko itxaropenarekin, entsegu kliniko bat egiteko baimena eskatu zuen Tony Wiss-Coray Standford Unibertsitateko ikertzaileak. Baita lortu ere. Alzheimerraren sintoma arinak edo ertainak zituzten boluntarioekin egin du proba,  eta orain aurkeztu ditu lehen emaitzak. Hasieratik bertatik ohartarazi du goizegi dela ohartarazi du behin betiko ondorioak ateratzeko. Edonola ere, onartu du ez duela eragin nabarmenik izan.

Esperimentuan 54 eta 86 urte bitarteko 18 boluntariok parte hartu dute. Lau astez, astean behin, serum fisiologikoa eman diete boluntarioen erdiei, eta plasma-transfusio bat, beste erdiei. Plasma hori 18-30 urteko odol-emaileetatik lortu zuten, odoleko globulu gorriak kenduta.

Ikertzailearen arabera, lehen emaitzek erakutsi dute tratamenduak ez duela albo-ondorio larririk. Onura, berriz, ez da izan oso esanguratsua. Gaitasun kognitiboak, aldartea eta bizimodu autonomoa izateko trebezia neurtu zituzten, eta, oro har, ez dute hobekuntza nabarmenik nabaritu. Hala ere, boluntarioetako batzuk lehen baino hobeto moldatu ziren eguneroko jarduera jakin batzuetan, hala nola, erosketak egiten eta janaria prestatzen.

Aipatzekoa da era horretako ikerketa bakarra dela oraingoz gizakietan, eta, beraz, ez dela aukerarik izan beste inongo emaitzekin alderatzeko. Gainera, boluntario-taldea txikia zen. Horregatik, zientzialariek zuhurtziaz hartu dituzte emaitzak.

Wiss-Corayk, dena den, ez du itxaropena galdu, eta beste esperimentu bat egiteko asmoa duela iragarri du. Hain zuzen, odoleko globulu gorriak ez ezik, proteinak eta beste molekula batzuk ere kendu zaizkion plasma erabili nahi du, saguetan plasma osoak baino emaitza hobeak eman baititu. Horrez gain, boluntario-kopurua areagotu nahi du.

Beste ikertzaile batzuk, ordea, ez dira hain baikorrak. Haien ustez, arriskutsua izan daiteke horrelako transfusioak egitea, jakin gabe zehatz-mehatz zein den plasmaren akzio-mekanismoa zahartzearekin lotutako prozesuetan. Bitartean, odol-transfusioak egiteko baimen berezirik behar ez denez, Estatu Batuetako zenbait klinikak dagoeneko eskaintzen dituzte transfusioak, zahartzea geldotzeko promesarekin. Dirutzaren truke, noski.

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia