}

Odolaren eta garunaren arteko muga zeharkatzeko gai diren antigorputzak egin dituzte

2011/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Odolaren eta garunaren arteko muga zeharkatzeko gai diren antigorputzak egin dituzte
2011/07/01 | Elhuyar
Muga hematoentzefalikoaren irudia. Orain arte, botikek eta antigorputzek ezin zuten zeharkatu muga hori. Arg.: Ben Brahim Mohammed/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera.

Antigorputzak arma oso baliagarriak dira sendagileentzat, eraginkorrak eta espezifikoak direlako. Baina badituzte mugak, eta haietako bat odolaren eta garunaren arteko muga hematoentzefalikoa da. Muga horrek patogenoak eta toxikoak garunera iristea galarazten du, baina, aldi berean, botikek eta antigorputzek ere ezin dute gainditu.

Orain, muga hematoentzefalikoa zeharkatzeko gai diren antigorputzak egitea lortu dute Genentech bioteknologia-enpresako ikertzaileek (Roche farmazia-konpainiarena da Genentech). Ikerketa Science Translational Medicine aldizkari espezializatuan argitaratu dute.

Ikertzaileek azaldu dutenez, garatu duten antigorputza bi proteinarekin elkartzen da. Proteinetako bat transferrinaren errezeptorea da. Garunera burdina sartzeko kanal molekularra aktibatzen du proteina horrek. Bada, antigorputza hari lotzen zaionean, muga hematoentzefalikoaren hesia ireki egiten da.

Horrenbestez, antigorputza garunera sartu, eta bigarren proteinara lot daiteke. Proteina hori beta-sekretasa-1 da. Hain juxtu, alzheimerrari aurre egiteko botiketako askoren jomuga da, garunean amiloide-peptidoen ekoizpena sustatzen baitu, eta, ustez, amiloide-plakak dira alzheimerraren sintomen eragileak.

Alzheimerra ikertzeko eredu diren saguetan probatu dute antigorputz bikoitza. Emaitza oso ona izan da: antigorputz-dosi bakarrarekin, amiloideen garuneko kontzentrazioa ia erdira jaisten dela frogatu dute.

Dena dela, ikerlanak kritikak ere jaso ditu. Batzuen iritziz, saguei emandako dosiak handiegiak dira; beste batzuek, berriz, amiloide-plaka berriak sortzea eragotzi bai baina zaharrak ez dituela suntsitzen leporatu diete. Edonola ere, askok ontzat jo dute Genentecheko ikertzaileek egindako lana, eta haiek ere bide horretan ikertzen jarraituko dutela adierazi dute.

1
277
2011
7
013
Medikuntza; Farmakologia; Bioteknologia
Albisteak
14

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia