Odoleko lipidoak COVID iraunkorraren biomarkatzaileak izan daitezkeela frogatu dute
2024/03/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
COVID iraunkorra duten 147 pazienteren plasman ia 400 lipido desberdin aztertuta, CiQS zentroko ikertzaileak gai izan dira berariazko asaldurak identifikatzeko, eta haiek COVID iraunkorraren ezaugarri jakinekin lotzeko; zehazki, hanturarekin eta erantzun immunologiko iraunkorrarekin. Gainera, lipido horietako batzuk biomarkatzaile gisa erabil daitezkeela ere baieztatu dute.
Ikerketa egiteko, lipidomikako teknikak eta adimen artifiziala erabili dituzte, eta Espainiako beste zentro batzuetako ikertzaileek ere parte hartu dute; tartean, EHUkoak. Journal of Infection and Public Health aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, irekian, eta, adierazi dutenez, funtsezkoak dira COVID iraunkorra hobeto ezagutzeko. Izan ere, COVID-19ari buruz egin diren ikerketa gehienak gaitzaren fase akutuaz egin dira, eta COVID iraunkorra nahiko ezezaguna da oraindik, nahiz eta jende askori eragiten dion: infektatuen % 10-20 ez da guztiz sendatzen eta sintoma iraunkorrak garatzen ditu.
Orain argitaratutako ikerketak, beraz, ekarpen garrantzitsua egin duelakoan daude. Duela gutxi, gainera, COVID iraunkorrari lotuta odoleko proteinetan gertatzen diren asaldurak azaldu zituzten Science aldizkarian. Ikertzaileek itxaropena dute azken ikerketa horiek baliagarriak izango direla COVID iraunkorraren mekanismoak ulertzeko, zuzen diagnostikatzeko, eta terapia pertsonalizatuak garatzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia