}

Odolkidetasunaren arazoak

2001/07/22 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Askotan entzun izan dugu, baita eskolan ere, Europako zenbait errege-familiatan jaio izan diren atzeratuak odolkidetasunaren ondorio izan direla. Ezin esan seguru horrela izan denik, baina litekeena da, errege-familiak euren artean ezkontzeko izan duten joera ikusita. Gainerako bizidunetan ere odolkidetasun-arazoak izaten dira populazioak txikiak direnean.

Kopuruz gutxi, aldakortasun eskasa Populazio bat txikia izateko, hainbat arrazoi egon daiteke. Oro har, oso baldintza zehatzetan, azalera geografiko txikietan eta beste inon bizi ez diren populazioei ‘endemiko’ deritze. Baina endemikoen barruan gehiago zehatz daiteke, bai baitaude neoendemiko deritzenak (hau da, jatorri edo sorrera berrikoak izanik, azalera edo banaketa handiagoa okupatzeko astirik izan ez dutenak), baita paleoendemiko deritzenak ere (hots, okupatzen duten azalera garai bateko azalera handiago baten hondarra besterik ez denean). Azken horiei populazio erliktiko ere baderitze.

Armeria euskadiensis, Euskal Herriko kostaldeko endemismoa.
Arturo Elosegi

Nolanahi ere, populazioa txikia izateko arrazoia edozein dela ere, indibiduo edo ale gutxi izateak arazo genetikoak sortu ohi ditu bai gizakietan, bai landareetan bai eta animalietan ere.

Bizidun guztiok material genetikoa dugu oinarri, hau da, geneak dira zer garen eta nolakoak garen finkatzeko oinarri (ondoren inguruak moldatuko baditu ere). Naturan, espezie bakoitzaren barruan geneak antzekoak izan arren, gutxieneko aldakortasuna egon egoten da. Eta aldakortasun horrek ahalbidetzen du populazioen baitan hainbat izaera eta aldaera fisikoak egotea. Dibertsitate hori ezinbestekoa da ingurunearen aldaketetara moldatzeko. Azken finean, dibertsitate hori da eboluzioa ahalbidetzen duena.

Teoria ebolutiboak adierazten duen moduan, zenbat eta aldakortasun genetiko txikiagoa izan, are zaurgarriagoak dira espezieak aldaketa eta perturbazio ekologikoak gertatzean. Ikerketetan ikusi denez, populazio endemiko eta erliktikoetan aldakortasun genetikoa txikiagoa da.

Kopuruz gutxi, kalitate eskasa

Baina aldakortasun genetikoa (eta beraz, ingurunearen aldaketei aurre egiteko gaitasuna) txikiagoa izateaz gain, gene horien kalitatea ere eskasagoa izaten da, gaixotasunak edota deformazioak eragiten dituzten geneak agertzeko aukera areagotu egiten baita (bi gurasoek gene kaltetuak izateko eta ondorengoei transmititzeko probabilitatea areagotu egiten baita). Ikus ditzagun adibide batzuk.

Artoarekin egindako esperimentu batean (ikus 1. irudia), bi lerro genetiko gurutzatuta (bi barietate, nolabait esateko) sortutako ondorengoa sendoagoa eta handiagoa da, baina ondorengo hori autoernalduta sortutakoa apur bat eskasagoa da. Eta era berean, hori autoernalduta hirugarren belaunaldia eskasagoa da; eta horrela jarraituta, gero eta landare kaskarragoak lortzen dira. Arrisku hori nabarmena izaten da nekazaritzan zein abeltzaintzan. Ondorioz, arrisku hori saihesteko eta ale hobeak lortzeko saiatu izan dira nekazari edo abeltzainak euren landare eta animaliak besteenekin gurutzatzen.

Bizidun populazioak murriztu eta berriz ugaritzen direnean, dibertsitate genetikoa galdu egiten da. Hori da, ustez, geopardoari gertatu zaiona. Iturria : Naturaren kontserbazioa: Nora goaz? UEU

Afrikako Ngorongor-ko eta Asiako Gir Forest-eko lehoi-populazio erliktiko isolatu banatan adibidez, espermatozoo anormal gehiago dituzte eta testosterona-kontzentrazio txikiagoa dute Serengeti parkeko populazio osasuntsuarekin alderatuta.

Bestalde, laborategiko eta etxeko ugaztun eta hegaztiekin egindako ikerketa sakonek aditzera eman dutenez, endogamiak (hau da, arbaso berekoen arteko gurutzaketak) kumeen hilkortasuna areagotzea eta helduen emankortasuna murriztea eragiten du. Animalia basatietan, gatibutzan hazteko arazoak maizago agertzen dira dibertsitate genetiko txikiko espezieetan. Azken finean, odolkidetasunak, geneen dibertsitatea murrizteaz gain, mutazioak edo kalteak dituzten geneen presentzia areagotu egiten du.

Populazio ugarietan ere gene-aldakortasun txikia

Orain arte talde edo populazio txikiek arazo genetikoak izaten dituztela aipatu dugu, baina gaur egun ale ugariko populazioak dituzten hainbat espezietan ere badago aldakortasun genetiko txikia. Hor dago, adibidez, ‘efektu fundatzailea’ deritzona. Hau da, gerta daiteke, eta gertatzen da, espezieek lurralde berriak kolonizatzea. Kolonizatutako lurraldea isolatuta baldin badago, toki horretako ale guztiak arbaso gutxi batzuen ondorengoak dira, eta, denbora pasa ondoren ale ugari baldin badira ere, aldakortasun genetikoa oso txikia izaten da. Hori oso ohikoa izaten da irla ozeanikoetan, baina baita oihan isolatu, laku eta beste hainbat tokitan ere.

Behion populazioa txikia izan arren, ez dute osasun arazorik.

Horren beste adibide bat ‘botila sama’ esaten zaiona jasan duten espezieena da. Horrelakoetan, populazio ugari eta genetikoki dibertso batetik abiatuta, populazio (nahiko) ugari baina genetikoki homogeneo batera pasatzen da, denboran zehar hainbat aldiz espezieko ale gehienak desagertzearen ondorioz (ikus 2. irudia).

Gepardoarena da kasurik ezagunenetakoa. Duela urte gutxi arte nahiko populazio ugaria zuen, baina ez da batere ondo moldatu baldintza aldakorretara, eta Afrikako tokirik gehienetan desagertu egin da. Gainera, gatibutzan hazteko espezie zailenetakoa da, kumeen hilkortasuntasa oso handia baita. Azterketa genetikoak egin zirenean, Afrikako hegoaldeko gepardoek aldakortasun genetikoaren muturreko eskasia duela ikusi zen. Eta hori, iragan hurbilean jasandako hainbat botila-samen ondorio dela uste da. Hau da, hainbat aldiz bere populazioa izugarri murriztu eta errekuperatu egin dela, baina prozesu horretan aldakortasun genetikoa muturreraino murriztuz. Orain, zoologo eta ikerlariak kezkatuta daude, edozein unetan gaixotasunen bat agertuz gero gepardo ugari hilko bailirateke.

Autougalketak arazoak sor ditzake. Artoan, adibidez arbaso (P) desberdinen ondorengoa (F) haiek baino 'ederragoa' da. Baina ondorengoak euren artean ugaltzen badira, kalitatea murriztu egiten da belaunaldiz belaunaldi. Iturria: Naturaren kontserbazioz: Nora goaz? UEU

Ildo horretan, kalkuluak egin izan dira animalia-populazio genetikoki dibertso batek arazo genetikoak izan ez ditzan eta genetikoki bideragarria izan dadin behar den ale kopurua. Abeltzaintzarako erabiltzen diren animalietan, txikiak direnean (ardia, kasu) 200 ale behar direla kalkulatu da, eta handiak direnean (zaldia, esaterako) 100 ale. Grizzly hartzaren kasuan, 500 urteren buruan arazo genetikorik ager ez dadin 125-250 ale behar direla kalkulatu da.

Aipatu ditugun egoera genetiko horietara iristeko bidea edozein dela ere, espezieek denbora izugarri behar dute berriz ere aldakortasun genetikoa berreskuratzeko. Baina, noski, horretan ere badira salbuespenak, bai baitaude aldakortasun genetiko eskasa izanik ere ondo ugaltzen diren eta arazo patologiko zein bestelakorik ez duten espezieak. Kolonizazio berrietan ere, aldaketa lokaletara moldatutako aleen artean desberdintasunak sortzen dira, eta hori populazio genetikoki dibertsoen iturri izaten da.

Chillingham behiak

Artikuluan odolkidetasunak sortzen dituen arazoak aipatu ditugu. Izan ere, hainbat ikerketek frogatu dute animalia basatietan, zoologikoetakoetan, laborategitakoetan eta aziendetan endogamiak aldakortasun genetikoa murrizten duela eta gene kaltetuak agertzea areagotu egiten duela. Baina endogamiaz gain aukeraketa aktiboa egiten bada, hau da, abeltzainak animalia akasdunak edo malformazioak dituztenak deuseztatu egiten baditu, azkenean mutatutako geneak ‘kanporatu’ egiten dira eta populazioa bideragarria izan daitekeela ere onartua zegoen.

Urte hasieran argitaratutako ikerketa batek hori baieztatzen du, hain zuzen ere. Ikerketa Chillingham behiekin egin dute. Gaur egun, Chillingham behiak Ingalaterrako iparraldeko parke batean bizi dira. Behi horiek isolatuta bizi dira azken 300 urteetan, hau da, ez dute kanpoko behi edo zezenik eraman denbora horretan guztian.

Genetikoki isolatuta bizi arren ez zen ernaltze- edo emankortasun-murrizketarik ikusi, eta populazioa bideragarria zela zirudien. Edonola ere, bestelako arrazoiek eraginda, 1947an bost zezen eta zortzi behi besterik ez zegoen. 2000ko urriaren amaieran 49 ale ziren jada.

Beharbada hori benetako botila-sama da eta aldakortasun genetikoa ia egon ere ez dagoela esan daiteke, eta, hala ere, ez da geneen kalitate murrizketarik behatu, behiak ondo ernaltzen dira eta txekorrak ondo jaiotzen dira.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia