}

Oin-arrastoei bakarrik erreparatuta, ibiltarien abiadura kalkulatzeko modua asmatu dute

2013/04/25 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

oin-arrastoei-bakarrik-erreparatuta-ibiltarien-abi
Hondartzan korrika jarritako ikasleen oin-arrastoak - Arg. Christian Haugen

Oin-arrastoei bakarrik begiratuta ibiltarien abiadura kalkulatzeko metodo baten berri eman dute Madrilgo Konplutentseko eta Kanadako Alberta Unibertsitateko bi ikertzailek Ichons aldizkarian. 1976an Robert McNeil Alexander zoologo britainiarrak proposatutako ekuazioa izan dute oinarri. Oraingoan, ordea, ikertzaileek kendu egin dute ekuaziotik korrika edo oinez dabilenaren zangoaren luzera jakin beharra.

Jakin-min bitxi batetik abiatu zen ikerketa: ikertzaileek jakin nahi zuten zer doitasunekin kalkula daitekeen pertsona baten abiadura oin-arrastoei bakarrik erreparatuta, hau da, oinkaden luzerari bakarrik begiratuta. Bada, errorea % 10-15ekoa besterik ez izatea lortu dute.

Azterketarako, paleontologiako 14 ikasle jarri zituzten korrika Asturiasko hondartza batean, eta bakoitzaren abiadura eta oinkaden luzera neurtu zituzten. Ondoren, 100 eta 400 metroko lasterketetan diharduten atleta profesionalen oinkada eta abiadurekin alderatu zituzten lehenengo neurketan lortutako datuak. Bi kasuetan Alexander zoologo britainiarraren ekuazioa erabili zuten. 1976an proposatu zuen Alexanderrek ekuazio hori, bere seme-alaben korrikaldiak aztertuta. Frogatu ahal izan zutenez, oso ongi doitu ziren ekuaziora haiek neurtutako datuak.

Ikasleen kasuan, zangoen luzeraren datua zuten; ez, ordea, atleta profesionalen kasuan. Hortaz, Alexanderren ekuazioa eraldatu, eta aldagai hori kontuan hartzen ez zuen bertsio bat sortu zuten. Lortutako ekuazioarekin gehienez % 15eko errorea lortu zuten arren, ikertzaileek onartu dute mugak ere badituela. Adibidez, atleta profesionalen kasuan, ikusi dute zenbaitetan berdinak direla 100 metroko eta 400 metroko korrikalariek egiten dituzten oinkadak, eta, abiadurak, berriz, oso desberdinak direla.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia