}

Oker historikoa?

2001/06/07 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Orain 150 urteko landare-hostoetako material genetikoa ikertu ondoren, 1840ko hamarkadan Irlandara gosetea eraman zuen patata-izurritearen erruduna errugabea dela esan dute Iparraldeko Carolina Unibertsitateko ikertzaileek.

Phytophthora infestans patogenoak kutsatutako hostoak hartu eta analisi genetikoa egin diete. P. infestans patogenoak gorrina eragiten du patatan eta XIX. mendean izurritea eragin zuen Irlandan. Ondorioz, milioi bat lagun goseak hil ziren. Orain arte patogenoaren US-1 anduia jo da izurrite bortitz haren erruduntzat, baina ikertzaile hauek egindako analisi genetikoek teoria hori ezeztatu egin dute. Izan ere, hosto lehorretatik jasotako material genetikoan ez dago US-1 anduiaren arrastorik ere.

Are gehiago, US-1 anduia P. Infestans patogenoaren jatorrizko anduia ez dela eta Mexikon ez zela sortu ere esan dute. Baieztapen horiekin hankaz gora jarri dituzte 70 urtetako ikerketen emaitzak eta askok ez dituzte gogo onez onartu. US-1 anduia Mexikon garatu zela eta ondoren Europara migratu zuela onartu da orain arte, baina Iparraldeko Carolina Unibertsitateko ikertzaileen ustez, Hegoaldeko Amerikan, patataren sorlekuan sortu zen patogenoa.

Ikerketa berriak P. infestans patogenoaren jatorria eta ibilbideari buruzko eztabaida areagotu du, baina ikerketa-lerro berria ere ireki du, orain arteko teknologiarekin ezin baitziren hosto lehor eta zahar hauskorretako ADN arrastoak aztertu. Une hauetan, berriz, ehunka patata-hosto zahar aztertzen ari dira Iparraldeko Carolina Unibertsitatean. Auzitegi-lanak eginez, P. infestans patogenoaren jatorria eta dibertsitatearen gakoak aurkituko dituztelakoan daude.

Gorrinak 3.000 milioi dolarreko galerak eragiten ditu urtero garapen- bidean dauden herrialdeetan. Haientzat ere balioko ote du ikerketa honek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia