Olagarroak, robotak eta garroen mugimendua.
2001/09/07 Elhuyar Zientzia
Pentsatu al duzue inoiz nola kontrola dezakeen olagarroak bere garro guztien mugimendua? Zortziak norabide guztietan mugi daitezkeela kontuan hartuta, oso konplexua izango litzateke euren kontrola.
Hebrew University of Jerusalem-en egindako hainbat ikerketen emaitzek olagarroaren garroak maiz guztiz independienteki mugitzen direla, hau da, garunak ez dituela kontrolatzen frogatu dute. Binyamin Hochner-en taldekoek aste honetako Nature aldizkarian argitaratu dutenez, beso hauek garunarekin zuten lotura moztu den kasuetan, beren mugimendua elektrikoki zein mekanikoki –azalean kilimak eginez, adibidez– eragin daiteke; ebakitako gorputz-atalek aurretik egiten zituzten mugimendu berak errepikatzen dituzte.
Honek biologiaren aspaldiko enigma bat argitzen lagunduko du, ezezaguna baitzen nola koordina ditzakeen olagarroak bere zortzi garro indartsuak. Horretaz gain, robotikan ere esperantza handia sortu du, robot hobeak diseinatzen lagunduko duelakoan.
Olagarroaren garroetan mugimenduaren kontrol autonomoa izateak horien koordinazio-prozesua askoz ere sinpleagoa egiten du. Mugimendu boluntarioen kontrola garroetan bertan dagoen zirkuito neuralgikoetan kokatuta dagoela esan nahi du, eta beraz, ez du etengabeko kontrol zentrala eskatzen. Izatez, beso horien nerbio-sistema oso konplexua da, garunarekin konektatutako nerbio-zuntzak oso urriak diren arren.
Oraindik ez dago oso argi zein den funtzionamendu honen oinarria, baina robotikan adituak direnek olagarroaren kontrol-sisteman oinarrituta automatak egin nahi dituztela adierazi dute, robotei aldi berean norabide guztietan mugitzen diren hainbat artikulazio jarri ahal izateko. Orain arte animalien mugimenduen konplexutasunak harritu egin ditu adituak, eta ez dute automatizatzen jakin. Horien ustez, oraingoa edozer maneiatzeko erraztasuna izango duten robotak sortzeko aurrerapuso garrantzitsua izan daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia