Olatu-energiaren probetxamendua
1986/08/01 Ferreres, Iñaki Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arte, mareak erabiltzen direneko zentral maremotrizak, itsas energia probetxatzeko bide bakarra izan dira. Ikerketa-lanen ondorioz ordea, olatuen energiaz baliatzen diren bi sistemen garapena lortu da. Olatuaren energiaz probetxatuta mundu guztiko energiaren %5a aurrera daiteke.
Urte batzuetako ikerketen ondoren, Norvegiako Mendebaldean itsas ertzean bi planta piloto eraiki dira. Beren urteko produkzioa, 3,5 milioi kW.h koa izango da. Energia honen prezioa, diessel sorgailuz lortutakoarekin konpara daiteke.
Bi plantatan diseinu eta kontzeptu desberdinak ikusten dira. Bi hauek hain zuzen:
- Urezko zutabe multirresonatzaile oszilakorra, ingelesez (MOWC) (Multiresonant Oscilant Water Column).
- Kanal konbergentea.
MOWC Urezko zutabe multirresonatzaile oszilakorra
Sistema honetan, uhinen indarraz baliaturik eta uhinak kanalizatuz, kamara batean ur-masan higidura oszilakor bertikala lortzen da. Masa horren oszilazioek, aire-korronte alternatiboa sortzen dute eta alternadore bati lotutako turbina axialari eragiten zaio.
Sistema hau, hormigoizko kutxa eta beren gainean aurkitzen den dorre batez osatua dago. Horrela ganbara bat osatzen da. Honen gainean turbina jartzen da.
Beheko partea, urpean olatuei irekia dago. Uhinak sartzerakoan, pistoi-efektua egiten dute kamara barnean. Aire konprimatuak turbina higitzen du eta ondoren ur-zutabea beherantz datorrenean, depresioa sortu eta airea hartzen da turbina berriz higitzeko.
Erabiltzen den turbina axiala, WELES motakoa da eta biraketa-norantza mantendu egiten du, nahiz eta aire-korrontea gorantz edo beherantz joan. Horrela, sortzen den korronte elektrikoak ez du artezketaren beharrik.
Ganbara barneko uraren higidura, urpeko sarreren formak moldatzen du. Anplitude konstantea lortzen da, nahiz eta olatuek jarraipen-frekuentzia edo eta anplitude ezberdinak eduki.
Kanpoko olatuen maiztasuna ezberdina denean, barruko ur-zutabearen oszilazioa ezberdina izaten da. Horregatik sistema honetan problema eta eragozpenik handiena ur-zutabe horren oszilazio-kontrolean datza.
Kanal konbergentea
Sistema honetan, olatuen indarra kanal batera kontzentratuz, ontzi batera ura igotzen da; itsas nibeletik metro batzuk gorago. Han energia potentziala biltzen da, gero turbina hidrauliko batez elektrizitate bihurtzeko.
Bi elementu berezik osatzen dute instalazioa. Alde batetik, kanpoko kolektoreak olatuen sarrera-norabidea eta frekuentzia ezberdinetako efektua kontzentratzen eta hobatzen du. Bestetik, kanal konbergenteak barrura barreiatzen diren olatuen altuera handiagotzen du.
Bi elementu hauetaz gain, depositoa eta turbina hidraulikoa behar dira.
Kanpoko kolektoreak adar-forma du, eta kanal-sekzioa poliki txikiagotzen da.
Kanala osatzen duen horma batek, aldi berean, depositoan presa-funtzioa betetzen du, horrela bere altuera gainditzen duen ura pilatuz.
Kolektorea 55 metroko olatu-zabaleran erabiliz eta itsas-mailatik gora 3 metro igota 11.000 m 3 pilatzen dira. Baina sistema hau, 0,5etik 300 MWerainoko instalaziotan erabil daiteke.
Leku ezberdinetako baldintzak neurtu eta bakoitzari kolektore eta kanal forma diseinatu behar zaie.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia