}

Olatu erraldoi misteriotsuak

2002/11/13 Elhuyar Zientzia

Hilero urperatzen da itsasontziren bat itsaso zabalean, eta askotan ez dago gertakaria azaltzen duen arrazoi zehatzik. Hala ere, marinelek askotan aipatu izan dute urperatze batzuen erantzule direla bat-batean agertzen diren olatu erraldoiak.

Adituen artean aspalditik eztabaidatzen da 60 metro izatera heltzen diren olatu erraldoiak benetan existitzen diren edo ez. Aditu askorentzat kondairak besterik ez dira olatu horiek, baina beste batzuek aintzakotzat hartu dituzte eta, dirudienez, gero eta ebidentzia gehiago dago azken horien alde.

Diotenez, olatu erraldoiak ez dira tsunamien antzekoak. Erraldoiak ozeanoaren erdian, bat-batean eta ageriko arrazoirik gabe agertzen omen dira. Satelite bidez jasotako irudiekin, zientzialariak olatu erraldoien sorrerari azalpen bat aurkitzen saiatzen ari dira. Azken teorien arabera, baliteke olatu eta haize bortitzek kontrako norabidean dauden ur-korronteen aurka talka egitean sortzea.

Edonola ere, oraindik ere azalpenik ez duten naturaren misterio horietako bat izaten jarraituko dute olatu erraldoiek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia