Ona edo txarra, dosia zenbatekoa den
2009/07/12 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
D bitaminak ez ezik, hainbat eta hainbat substantziak eta konposatuk dute propietate hori. Neurriz gain jan, edan edo xurgatzen baditugu, eragin toxikoa dute gure gorputzean.
XVI. mendean, kontzeptu hori orokortu, eta honako hau esan zuen Paracelsok: “Substantzia guztiak dira pozoitsuak; ez dago pozoitsua ez den bakar bat ere. Dosia da hartzen dugun substantzia pozoia edo botika izatea eragiten duena”.
Hori egia den edo ez epaitu gabe, argi dago substantzia batzuk kaltegarriak direla dosi batetik aurrera. Hortaz, osasun publikoaz arduratzen diren erakundeek zehaztu egiten dute pozoitsua izatera irits daitekeen substantzia bakoitza zer kontzentraziotaraino den onargarria elikagaietan, hornikuntza-sare publikoetan eta ingurumenean.
Kontzentrazio edo dosi horiek zehazteko, laborategiko animaliekin egiten dituzte esperimentuak. Substantzia jakin bat hainbat kontzentraziotan hartu, eta zenbait animalia jartzen dituzte horren eraginpean. Animalien erantzuna aztertzen dute, epe motzean halako substantziak halako kontzentrazioan duen toxikotasuna ezagutzeko.
“Substantzia guztiak dira pozoitsuak; ez dago pozoitsua ez den bakar bat ere. Dosia da hartzen dugun substantzia pozoia edo botika izatea eragiten duena”. Halaxe esan zuen Paracelsok (Argazkia: Ricardo).
Oro har, zenbat eta handiagoa izan substantziaren dosia, orduan eta animalia gehiago kaltetzen dira, eta jasaten duten kaltea larriagoa da. Banako guztiak berdinak ez direnez, ez dute berdin erantzuten dosi txikietan; handitu ahala, ordea, banako gogorrenak ere zaurgarri bilakatzen dira.
Hala ere, substantziek, bizidunei kalte egiteko, ez dute nahitaez egon behar kontzentrazio handietan elikagaietan, hornikuntza-sare publikoetan edo ingurumenean. Gerta daiteke substantzia baten dosi txikiak denbora luzez barneratzea, eta denbora-tarte hori pasatutakoan hastea kalteak nabaritzen. Hori gertatzen zaie, adibidez, berunak poluitutako ura edaten dutenei.
Normalean, ur horietan oso kontzentrazio txikietan egoten da beruna, eta, bere horretan, ez du bestelako kalterik eragiten. Gertatzen dena da gure gorputza ez dela gai beruna kanporatzeko, eta metatuz joaten garela ura edaten dugun bakoitzean. Une jakin batetik aurrera, gure gorputzean dagoen berun-kantitatea nahikoa handia da kaltea eragiten hasteko.
Beste batzuetan, kontzentrazio txikienek ere izugarrizko asaldurak eragiten dituzte, eta, hortaz, ez dago dosi onargarririk. Guk berez ditugun hormonak imitatzen dituzten substantziekin izaten da arazo hori, esate baterako. Gure gorputzaren zenbait jarduera, hala nola hazkuntza, digestioa, ugalketa eta aldartea, hormonek erregulatzen dituzte.
Hala, aldiro-aldiro, hormona jakin batzuen kontzentrazioa handituta eta beste batzuena txikituta, gorputzak bere egitekoak betetzen ditu. Gorputzak berez sortzen ez dituen substantzia batzuk, ordea, duten konposizioarengatik edo hartzen duten formarengatik edo dena delakoarengatik, hormonen antzera aritu daitezke gorputzean sartuz gero. Horrelakorik gertatzen bada, akabo erregulazioa.
Gure gorputzean gertatzen den bezala, gainerako animalietan eta landareetan ere antzeko erreakzioak eta erantzunak izaten dira. Erreakzio horietako asko, dena den, ez ditugu ezagutzen, oraindik ere ikertzeko asko dagoelako. Asko ikertuta ere, nekez iritsiko gara eragin toxikoa izan dezaketen substantzia guztien eragina zenbatekoa den jakitera.
7K- n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia