Onddo baten proteina batek igorritako fluoreszentzia
2010/02/02 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
EHUko Kimika Zientzien Fakultateko Kimika Aplikatua Saileko ikertzaileek egindako irudia da hau. Microbiology nazioarteko aldizkariak argitaratu du aldizkariaren 155. zenbakiko azalean (2009ko abendukoa). Aspergillus nidulans onddoaren zelulen nukleotako proteina batek igorritako fluoreszentzia nabarmentzen du irudiak.
Irudiari dagokion artikulua EHUko bi ikertzailek, Aitor Garzia eta Unai Ugalde doktoreek, eta CSICeko Biologia Ikerkuntza Zentroko beste bi ikertzailek idatzi dute. Zelulen bizitza-zikloaren hainbat etapatan nukleoak nola garatzen eta banatzen diren ikertu dute lan horretan. Horretarako, zenbait medusa-espeziek dituzten proteina-fluoreszenteak erabili dituzte, aztertutako proteinak seinalatzeko. Proteina fluoreszente horiek beste batzuei itsatsita (H1 Histona proteinari, hain zuzen), erraz identifika daitezke, bai eta haien mugimenduei jarraitu ere, mikroskopioaren laguntzaz.
A. nidulans onddoaren H1 Histona proteina seinalatzen den lehen aldia da. Makromolekula hori mitosiarekin, hau da, zatiketa zelularrarekin, lotuta dago.
Irudia: Aitor Garzia.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia