}

Onddoak gizakitik hurbil

1997/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Muskuluei, zurdei eta larruazalari kohesioa ematen diona kolagenoa da eta orain arte proteina hau animalien baitan baino ez zegoela uste zen. Microbotryum violaceum izeneko onddoak, ordea, usteak ustel zirela frogatu du. Loreak dituzten landareen parasito honen zelulak “fimbriæ” izeneko tutu batzuk ditu inguruan. Beste onddo askok ere egitura horixe dute eta zientzilariek zertarako den ez dakite.

Dena dela, Kanadako ikertzaile-talde bat harrituta geratu da tutu horiek osatzen duten proteina nagusia kolagenoa dela ikusi duenean; lehen aldia baita proteina hori animaliengandik at aurkitu dutena.

Gertaera honi esker, eboluzioan zehar gizakiak eta onddoak landareak baino geroago bereizi zirela dioen teoria indartu egin da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia