}

Ondo egindako lanaren ordaina

2007/04/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jai-giroan banatu ziren XIII. CAF-Elhuyar sariak. Ekitaldia martxoaren 2an izan zen, Elhuyar Fundazioaren Usurbilgo egoitzan. Eta ospatzea merezi zuen; izan ere, ondo egindako lanaren ordaina eman nahi zitzaien aurtengo sarituei.
Ondo egindako lanaren ordaina
2007/04/01 | Rementeria Argote, Nagore | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Poly Fotografos)

2006ko hau hamahirugarrena da zientziaren dibulgaziorako CAF enpresak eta Elhuyar Fundazioak antolatzen dituzten sarientzat. Eta, ohi bezala, jende-andana bildu zen. Ekitaldia Aitziber Agirrek eta Saroi Jauregik aurkeztu zuten, eta, besteak beste, Jose Mari Rodriguez Ibabe Elhuyar Fundazioaren lehendakariak eta Koldo Nuñez Beteluk hartu zuten hitza, azken honek epaimahaiko kideen izenean.

Artikulu paregabeak

Sari nagusia Migel Mari Elosegi biologoak irabazi du "Ubideetako heriotzak. Energiaren berdearen ondorio beltza" izeneko artikuluarekin. Merezimendu osoz irabazi ere; izan ere, epaimahaikideek asko famatu zuten. Elosegiren lana "hitz gutxitan, artikulu biribila, bitxia, gaurkotasunez betea eta eredugarria" dela nabarmendu zuten.

Artikuluan, zentral minihidroelektrikoen ondorio kaltegarrietako bat aztertu du Elosegik, oso ezaguna ez dena, gainera: zentraletara ura eramaten duten ubideetan itota hiltzen diren animaliak. Euskal Herrian horrelako ubideen ehunka kilometro ditugula gogorarazten du bere lanean, eta ubide horietako hilkortasuna aztertzen du. Horretaz gain, arazoa konpontzeko irtenbideak ere proposatzen ditu.

Sari-banaketa ekitaldian, Kepa Altonagaren liburu berria aurkeztu zuten bide batez: Etxepare Aldudeko medikua .
Poly Fotografos

Bigarren saria, berriz, "Sexuen arteko lehia eta bisigua" izenburuarekin aurkeztutako lanak jaso du. Egilea Ibon Cancio Uriarte biologo bakiotarra da. Eta ez da lehenengo aldia CAF-Elhuyar sarietara artikulu bat aurkezten duena Canciok; are gehiago, aurreko edizioan hirugarren saria lortu zuen.

Oraingoan, Canciok, Nemo arrain ezaguna abiapuntutzat hartuta, arrain hermafroditak ditu hizpide, arretik emera pasatzen diren arrainak, eta, alderantziz, emetik arrera. Epaimahaikideen esanean, "arrain askok duten sexu-estrategiaren Yin eta Yang-a ezagutuko dugu benetan harrigarria den artikulu honetan". Artikulu harrigarria eta ezin interesgarriagoa, beraz.

Hirugarren saria Arantxa Villanueva telekomunikazio-ingeniariak irabazi du, begiradari jarraitzeko teknologiei buruzko artikulu bati esker. "Zeri begira zaude? Begiei begira" da lanaren izenburua. "Egileak, trebetasunez eta era sinple batez, ederki asko erakusten digu begiradaren indarrak eskain ditzakeen hainbat aukera".

Koldo Nuñezek hitz egin zuen epaimahaiko kideen izenean.
Poly Fotografos

Hiru sari horiez gain, laugarren bat ere badago: 25 urtetik beherako gazteentzako sari berezia. Aurten, Goretti Goikoetxeaundia kimikariak idatzitako artikuluarentzat izan da sari berezi hori. "Xafla iragazgaitza: bike berria" du izena artikuluak. Eta epaimahaiak "batez ere berrikuntza saritu nahi izan du". Izan ere, negutegietako plastikoak xafla iragazgaitzak egiteko erabili daitezkeen ikertu du Goikoetxeaundiak Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikerketaren nondik norakoak jaso ditu artikuluan. Xafla iragazgaitzak asfalto-betunez eta polimeroz eginda daude, eta non-nahi erabiltzen dira eraikuntzan: igerilekuetan, tenis-pistetan, tuneletan, urtegi artifizialetan... Bada, negutegietako plastikoak xafletako polimeroa izateko balio duten ikertu du, eta emaitza baiezkoa izan da.

Saritan, guztira, 2.100 euro banatu dira, eta, ohiturari jarraituz, saridunetako bakoitzak Imanol Andonegiren eskultura bat ere jaso zuen. Zorionak, beraz, irabazleei!

Rementeria Argote, Nagore
3
230
2007
4
037
Sariak; Elhuyarren berriak
Dosierra
2

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia