Ongi etorri, CD txit gorena
2004/10/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
"Konpaktua da, arina, botoiari behin bakarrik emanda funtzionatzen du, eta ia inoiz hondatzen ez diren materialez eginda dago". Horrela goraipatzen zuten CDa lehen saltzaileek. Esaten zutena ez zen guztiz egia, batez ere hondatze-kontuari dagokionez, baina LParekin alderatuta, behintzat, alde handia zegoen. Oso handia. Eta historian atzera begiratuta, berebiziko urratsa izan zen soinuaren industriarako.
Thomas Edison estatubatuarrak asmatu zuen fonografoa. 1887ko abenduaren 4an entzun zuen lehen aldiz bere ahotsa zilindro batean grabatuta. Handik aurrera, aldaketa asko izan ziren soinua grabatzeko teknologian. Zilindroak baztertu eta diskoak erabiltzen hasi ziren euskarri gisa; gero, sistema elektrikoa hobetu zen, eta anplifikadoreak gehitu zituzten; LP diskoak garatu ziren grabatutakoak luze irauteko; soinu estereofonikoa iritsi zen.
Eta Edisonen asmakuntza baino 105 bat urte geroago, CD diskoa merkaturatu zen. CDak soinuaren kode digitala du grabatuta; azken batean, hori da gaur egun dagoen informazio asko gordetzeko metodorik egokiena, eta gero eta gailu txikiagoak egiteko aukera ezin hobea.
Billy Joel
CDak erreproduzitzen zituen lehen gailua CBS/Sony enpresak kaleratu zuen; diskoaren kontzeptua, berez, beste bi enpresarekin batera garatu zuen, Philips eta Polygram enpresekin, alegia. Horrek asko lagundu zuen CDaren teknologia onartzen eta zabaltzen; batek baino gehiagok parte hartzeak lagundu egin zuen sistemaren estandarrak azkar finkatzen.
1982ko urriaren 1ean Sonyk CDP-101 irakurgailua kaleratu zuen. Makina horrek izenean 101 zenbakia izateak sistema digitalari egiten dio erreferentzia; sistema bitarrean, 101 hori bost zenbakiaren baliokidea da, eta, egileak esan zuenaren arabera, horrekin adierazi nahi zuten edozeinek eskuratzeko moduko gailua zela.
Lehen irakurgailua 168.000 yen ordaindu zen Japonian. Diru asko zen, baina, teknologiarekin beti gertatu ohi denez, CDP-101 irakurgailua azkar merkatu zen.
Irakurgailuaz gain, CBS/Sony enpresak berrogeita hamar disko jarri zituen salgai. Lehenengoa Billy Joel abeslariaren 52nd street diskoa izan zen. Urtearen bukaerarako ehun bat disko zeuden Japonian salgai.
Fabrikatzaileek ez ezik, merkatuak ere oso azkar onartu zuen estandar berria. Hogeita bi urte besterik ez dira salgai jarri zutenetik, eta musikaren industria goitik behera aldatu du. LParen aldeko ahaleginak egin dituzte hainbatek, nostalgiaren izenean, baina CDak lekua kendu die LPari eta kaseteari ia maila guztietan. Zeinek ez du gaur egun CDen irakurgailu bat etxean?
Material bat bestearen gainean
Kontrakoa ematen badu ere, disko konpaktua ez da asmakizun sinplea. Oinarrizko diseinuan gutxienez hiru materialez eginda dago, eta material horiek geruzatan antolatuta daude.
Antolaketa horren helburua informazio digitala gordetzea da, hau da, zenbakiak gordetzen ditu. Eta zenbaki horiek sistema bitarrean daude, 0 eta 1 zenbakiez osatutako kode baten bitartez. Fisikoki erraza da zeroak eta batak adieraztea: material batean zuloak egin besterik ez da egin behar.
Hori dela eta, irakurgailuak derrigor zuloak detektatzeko makina bat izan behar du. Erraza dirudi, ezta? Bada erraza, baina teknologikoki konplexua da, zuloak 125 nanometro sakon direlako (eta nanometro bat metro baten 1.000 milioirena delako). Oso zulo txikiak dira, eta, beraz, laserraren bitartez detektatu behar dira kontu handiz.
Zuloak polikarbonatoz egindako geruza batean 'zizelkatuta' daude. Zergatik polikarbonatoa? Arrazoi asko dago, baina horietako bat azpimarratu behar da: material plastiko gardena da. Ez ahaztu CDaren datuak optikoki irakurtzen direla, laserraren bitartez; beraz, inongo interferentziarik sortzen ez duen material bat erabili behar zuten, eta polikarbonatoaren alde egin zuten apustu.
Horrek osatzen du CDaren geruza nagusia. Hor dago musika (hor daude zenbakiak). Egia esan, polikarbonato horren gainetik duen aluminiozko geruzan ere badago musika, bigarren geruza hori zulatutako polikarbonatoaren gainean egiten dutelako, eta zuloa dagoen tokian erliebea hartzen duelako aluminiozko geruzak.
Beraz, material plastiko bat eta aluminioa ditugu geruza banatan. Aluminioak ispilu moduan jokatzen du. Oso metal egokia da hori egiteko, baina, metal gehienak bezala, atmosferatik babestu egin behar da. Horregatik dauka beste material plastiko baten geruza gainetik (guretzat diskoaren goialdea, letrak idatzita dauden zatia, alegia). Goiko hori polimero akrilikoa izaten da, normalean.
Egitura konplexua, benetan. Zeinek esango luke CD ziztrin bat egiteko hainbeste osagai behar direnik?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia