}

Opentrad: emaitzak eta akatsak

2006/09/19 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Joan den maiatzean Opentrad itzultzaile automatikoa jendaurrean aurkeztu zuten. Sistema honek aukera ematen du testuak eta web orriak gaztelaniatik euskarara, galegora eta katalanera automatikoki itzultzeko, bai eta galegozko eta katalanezko testuak gaztelaniaz jartzekoa ere.

Hiru enpresak eta lau unibertsitatek hartu dute parte proiektu honetan, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa S.L-ren gidaritzapean. Elekaz gain, Elhuyar Fundazioa eta Galiziako imaxin|software enpresa jardun dira. Unibertsitateei dagokienez, berriz, Euskal Herriko Unibertsitatea, Alacanteko Unibertsitatea (Valentzia), Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa eta Vigoko Unibertsitatea aritu dira Opentrad proiektuan.

Hizkuntza erromanikoen arteko itzulpenetan oso emaitza onak ematen ditu sistemak, baina gaztelaniatik euskararako itzulpenak ez dira egokiak kasu gehienetan. Horren harira, zalaparta pixka bat sortu zen proiektua aurkeztu zenean, eta hainbat kritika jaso dituzte ikertzaileek.

Duela egun batzuk, IXA taldeko ikertzaileek Opentrad -en nondik norakoak azaltzen dituen artikulu interesgarri bat argitaratu dute erabili.com web gunean . Artikuluan proiektuaren emaitzak eta akatsak baloratzen dituzte, eta aurrera begira eman nahi dituzten pausoen berri ere ematen dute.