}

Orain arteko fosil zaharrenak aurkitu dituzte

2016/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

orain-arteko-fosil-zaharrenak-aurkitu-dituzte
Allen Nutman eta Vickie Bennet ikertzaileak, Isuako estromatolito-zati bat erakusten. Arg. Yuri Amelin

Groenlandiako hegoaldean, Isuan, 3.700 milioi urteko estromatolitoak aurkitu ditu Wollongongeko Unibertsitateko (Australia) ikertzaile-talde batek. Hala, orain arte topatu diren bizi-arrastorik zaharrenak bihurtu dira. Estromatolitoak, hain zuzen, mikroorganismoek sortutako karbonato-geruzez osatuta daude, eta orain arte ezagutzen ziren zaharrenek 3.480 milioi urte zituzten.

Azken horiek Australiako kostan daude, eta denbora luzez izan dira fosilik zaharrenak. Orain Groenlandian aurkitutakoak izotz-azpian zeuden, eta izotza urtzean geratu dira agerian. Ikertzaileek azaldu dutenez, arroka metamorfikoan daude, alegia, eraldaketak jasan dituzten arroketan. Hori bitxia iruditu zaie, fosil gehienak arroka sedimentarioetan baitaude, baina, egindako analisiei esker,  ez dute zalantzarik: organismo bizidunen ondorioz sortuak dira. Seguru asko, itsasertzeko ur ez-sakonetan haziko zirela ere zehaztu dute.

Aditu askoren ustez, bizia duela 4.000 milioi urte agertu zen Lurrean; aurkikuntza honek hipotesi hori berresten duela aipatu dute. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia