Orangutan bat ikusi dute landare batekin zauri bat tratatzen
2024/05/09 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orangutan basati batek landare batekin zauri bat nola tratatu zuen eta zauria nola sendatu zen behatu zuten Max Planckeko (Alemania) eta Universitas Nasionaleko (Indonesia) ikertzaileek. Scientific Reports aldizkarian jaso dute behatutakoa.
2022ko ekainean, Gunung Leuser Parke Nazionalean (Indonesia), Rakus izenez ezagutzen zuten orangutan ar batek masailean zauri handi bat zuela ikusi zuten ikertzaileek. Beste ar batzuekin borrokan egin zuela uste dute. Handik hiru egunetara, ikusi zuten Fibraurea tinctoria landare igokariaren hostoak bildu, mastekatu, eta ateratako zukua behin eta berriz zaurian ematen; eta, ondoren, hosto mastekatuekin estaltzen zauria.
Landare horren propietate analgesiko eta antipiretikoak ezagunak dira, eta hainbat konposatu ditu, besteak beste, eragin antibiotikoa, antifungikoa, eta hanturaren aurkakoa dituena; eta, ondorioz, aproposa da zauriak orbaintzeko.
Hain zuzen ere, hurrengo egunetan ikusi ahal izan zuten ez zegoela infekzio-seinalerik, eta bost egunen buruan zauria itxita zegoen.
Beste animalia batzuetan ikusi izan da landareak erabiltzen dituztela sendagai gisa. Esaterako, beste tximino handi batzuek landare jakin batzuk jaten dituzte parasito-infekzioak tratatzeko, eta landareekin igurzten dute azala mindutako muskuluak tratatzeko. Eta, berriki behatu dira txinpantzeak zaurietan intsektuak jartzen. Alabaina, ekintza horien eraginkortasuna ez da ezagutzen. Eta lehenengo aldia da biologikoki aktiboa den substantzia batekin zauri bat tratatzen behatzen dena.
Ikertzaileak ziur daude nahita egindako portaera dela. Izan ere, orangutanek normalean ez dute jaten landare hori, eta, gainera, denbora luzez aritu zen lan hori egiten. Ez dakitena da non eta nola ikasi duen portaera hori. Batez ere, orain arte ez dutelako halakorik behatu ikertu diren gainerako orangutanetan. Orangutan arrak jaiolekutik asko urruntzen direnez, aukera bat da portaera hori ohikoagoa izatea Rakusen jaiolekuan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia