}

Orbainik gabeko zauriak, botoxari esker

2006/10/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Botoxa zimur-lisatzaile ospetsuena da. Zineko izarrek eta pertsonaia ezagunek barra-barra erabiltzen omen dute, baina kaleko jendearengana ere iritsi da, eta gaur egun estetika-zentro askotan eskaintzen dute. Dena dela, ospitaleetan ere erabiltzen da, eta orain zauriek orbainik ez uzteko ere balio duela ikusi dute Estatu Batuetako klinika batean.
Botoxak giharrak paralizatzen ditu; horri esker, azala leun-leun geratzen da.

Berez, botoxa toxina bat da, Clostridium botulinum bakterioak ekoizten duena. Bakterioa lurrean, uretan eta lohian egoten da, eta toxina, berriz, gaizki egindako janari-kontserbetan sor daiteke. Janari hori ez bada ondo berotzen, intoxikatzeko arriskua dago.

Oso toxina indartsua da: gramo baten milioirena edo gutxiago nahikoa da pertsona bat hiltzeko. Toxinak, besteak beste, giharrak paralizatzen ditu; horrek arnasa hartzea galarazten du, eta, ondorioz, intoxikatutakoak itota hiltzeko arriskua du.

Baina beste gai toxiko asko bezala, medikuntzan gaixoen mesederako erabiltzen da botoxa. 1977an erabili zuten lehen aldiz, estrabismoa tratatzeko. Estrabismoa begi-globoa mugitzen duten giharren hiperaktibitateagatik gertatzen da; horren ondorioz, begiak ezin du zuzen begiratu. Botox-dosi egokia injektatuta, berriz, giharrak paralizatuta gelditzen dira, eta, hartara, pazienteak puntu jakin batera begira dezake. Gerora ikusi dute sendagileek tortikolisa, espasmoak eta izerdi- edo listu-jarioa tratatzeko ere egokia dela.

Zauriak ixten

Orain, beste aplikazio bat aurkitu diote Mayo klinika ezaguneko ikertzaileek: zauriak ixten laguntzea. Zauriek utzitako orbainek eragin handia dute zenbait pazienteren bizi-kalitatean, batez ere aurpegian badaude. Eragin horietako batzuk funtzionalak dira: begiak behar bezala ixtea edo irekitzea galaraztea, ondo jaterik edo hitz egiterik ez izatea... Beste batzuk psikologikoak dira, eta, kasu larrietan, depresiora eraman dezakete.

Auto-istripuetan sortutako zauriak sendatutakoan, zaila da arrastorik ez gelditzea.

Ondorio horiek aintzat hartuta, sendagile guztiak saiatzen dira zauriak ahalik eta ondoen ixten. Horretarako, puntuak ematen dituzte zauriaren inguruko larruazala erdigunera eramateko; hartara, zauria ez da hain zabala, eta orbaina zauria bere kasa ixten utzita sortuko litzatekeena baino txikiagoa da.

Hala ere, zauri batzuk bereziki zailak dira. Adibidez, auto-istripuetan sortzen diren zaurietan eta zakurren hozkadek eragindakoetan, ohikoa izaten da zauriak giharrekiko paraleloak ez izatea. Horrelakoetan, giharren tentsioaren eraginez, orbain handiak eta nabarmenak geratzen dira.

Tentsioa lasaitzeko

Mayo klinikako ikertzaileek frogatu dutenez, botoxa bereziki mesedegarria da horrelako zaurietan. Izan ere, botoxak giharrak paralizatzen ditu. Beraz, aurpegiko giharrak ezin dira uzkurtu, eta azala leun-leun geratzen da. Horri esker, zauria ia arrastorik utzi gabe ixten da.

Mayo klinikako esperimentuan parte hartu zuten boluntarioek kopetan zuten zauria. Boluntario batzuk auto-istripua izandakoak ziren, eta besteak minbizia diagnostikatzeko biopsia egindakoak. Ikertzaileek estetikako operazioetan erabiltzen den dosia erabili zuten pazienteekin, eta denetan emaitza oso ona izan zen.

Sendagileek kontu handiz ematen dituzte puntuak, ahalik eta orbain txikiena uzteko.

Nolanahi ere, Estatu Batuetan botiken erabilera arautzen duen erakundeak oraindik ez du onartu botoxa erabilera horretarako. Aurretik, ikertzaileek proba gehiago egin beharko dituzte.

Eta horixe da Mayo klinikakoen helburua orain: proba klinikoen hirugarren fasea egin nahi dute, dosi eta erabilera aproposak zehazteko. Dena ondo ateratzen bada, zimurrak ezabatzeko ez ezik, zauriak ixteko botoxa erabiltzeko baimena izango dute, estetikaren eta osasunaren arteko mugak ez baitira erabat garbiak.

7K-n argitaratua.