}

Orban handia, orban txikia

2006/08/03 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia




Jupiterren ohiko irudian orban gorri handi bat ikusten da, duela 300 urte baino gehiago sortu zen ekaitz erraldoi bat, alegia. Azken urteotan, lagun bat sortu zaio orban ospetsuari: beste ekaitz txikiago bat sortu da, atmosfera hartako hainbat zurrunbilo txiki batzuk elkartuta. Ekaiz berriak Lurraren tamainakoa da, gutxi gorabehera (ohiko orban gorria bi halakoa da).

Begi bistaz, ekaitzak gorriak dira (nahiz eta ekaitz berriaren hasierako zurrunbiloak zuriak ziren). Baina argi infragorriarekin ikusita biek ez dute kolore bera; bietan ekaitz berriak xurgatzen du izpi infragorri gehien. Astronomoen ustez, horrek adierazten du ekaitz txikia ez dela beste bezain altua, hodei altuenen gainetik atmosfera-zati handiagoa baitu eta, beraz, argi infragorri gehiago xurgatzen baitu.

Irudia Kecks behatokitik egindako argazki infragorri bat da, uztailaren 20koa. Bi ekaitzak ikusten dira, bata bestearen gainean.