Ordenadore adeitsua
1996/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ordenadoreekin izaten dugun komunikazioan, badago oztopo handi bat. Guk izan ditzakegun emozio edo zirrarekiko ez dute inolako sentikortasunik, baina badirudi laster gure sentimenduez jabetu eta araberako erantzuna emango digutela.
Gaur egungo egoera, dena den, oso bestelakoa da. Ordenadoreak itsuak, mutuak eta gorrak dira. Ez dakite pertsonak edo animaliak maneiatzen dituen. Guk aspalditik dakigu, ordea, edozein giza komunikaziotan adeitasunak garrantzia duela. Ohizko metodo psikologikoekin egin diren ikerketek, adibidez, oso emaitza interesgarriak erakutsi dituzte. Denok dugu oharkabean ordenadoreari giza sentimenduak komunikatzeko joera. Adeitsuak gara makinarekin, baina behin eta berriz akatsa egin dugula esaten badigu, ordenadorea iraintzera ere iristen gara. Makinak zorionak ematen dizkigunean ordea, harro sentitzen gara, eta ikertzaileek diotenez ordenadoreak laudorioa erabilita programa pedagogikoetan edo zuzentzaile ortografikoetan oso ondorio mesedegarriak lor daitezke.
Horregatik multimediako ordenadoreak gure eskola eta etxeetan barruraino sartzen ari direnez gero, interesgarria litzateke makinak ere “sentikortasun”-apur bat izatea. Horretarako tresna batzuk erabil litezke: aurpegia ezagutzekoa, emozioak analizatzekoa, ahotsa ezagutzekoa eta hitza sintetizatzekoa. Gaur egun batez ere lehen bi tresnekin ari dira saiakuntzak egiten, ordenadoreak erabiltzaileak nahi duena “uler” dezan.
Saiakuntzetako batean smart rooms deitutakoak erabiltzen dituzte, hau da, giza portaera interpretatzeko mikroordenadoreak eta kamerak. Denbora errealeko sistema dute, hiru dimentsiotan buruaren, eskuen eta zangoen erreferentziak barne dituelarik. Pertsonaren “holografia” dauka sistemak eta horrekin batera pertsonaren aurpegierak eta keinuak ere bai. Horregatik erabiltzaileek teklatu eta kasku birtualik gabe dute harremana ordenadorearekin.
Beste saiakuntza bat erabiltzailearen aurpegia ezagutzea da. ordenadore gainean dagoen kamerak erabiltzailearen aurpegiaren irudia hartu eta datu-bankuan dituenarekin konparatzen du. Ondoren, erabiltzaileari bere izenez dei egin diezaioke. Erabiltzailearen aurpegia honen zati desberdinek igortzen duten beroa analizatuta ezagutzen du beste sistema batek. Bero-igorpen horretan aldaketak izaten dira gure aurpegiera aldatzen dugunean. Horregatik makinak zalantzazko aurpegiera dugula igartzen digunean, Ziur al zaude ulertu duzula? galdetuko digu.
Pertsonaren aurpegiera ezagutzen duen ordenadorea aplikazio askotan erabil daiteke. Estresaturik gaudela ikusten badu, musika lasaia entzunaraz diezaguke, automobilean nekatuta gidatzen ari bagara, alarma joaraz dezake, etab.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia