Ordenagailu kuantikoaren bitak, errealak
2003/02/24 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Bita oinarrizko informazioaren unitatea da, hau da, 0 edo 1 zenbakiak gordetzen dituen gailu txikia. Qubita antzeko gailua da, baina, mekanika kuantikoaren legeen arabera, hiru datu gorde ditzake, bi izan beharrean: 0, 1 edo 0 eta 1 batera. Zergatik gertatzen den ulertzea ez da erraza, baina gailuak ez du piztuta edo itzalita egon behar beti, piztuta eta itzalita egon daiteke batera.
Atomoa, elektroia, fotoia edo beste edozein partikula subatomiko izan liteke qubit bat. Nolanahi ere, fisikoki kontrolatzeko zailak dira. Hori lortzeko, fisikariek entanglement izeneko efektu kuantikoa erabili behar dute; efektu horren bitartez, bi partikularen jokaerak 'lot daitezke', eta batean aldaketa bat eragitean, bestean ere islatzen da aldaketa hori.
Japoniako fisikariek material supereroalez egin dituzte qubitak. Material horietan elektroien arteko entanglement efektua berez sortzen da, elkarren ondoan ez dauden elektroiak binaka 'lotuta' baitaude: Cooper-en pareak dira. Zientzialariek Cooper-en pare bat nanometro gutxi batzuetako luzera duen metal-puska batean egotera behartu dute, eta, ondorioz, qubit bat egitea lortu dute.
Ordenagailu kuantikoak egiteko denbora asko falta da, baina oinarrizko gailuaren lehen prototipoa behintzat egin dute laborategi batean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia