}

Ordenagailuak planeta berotzen ari dira

2008/02/17 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Jakina da autoetako eta lantegietako erregaien konbustioak karbono dioxidoa isurtzen duela atmosferara eta horrek planetaren berokuntza areagotzen duela. Baina, ba al zenekien ordenagailua erabiltzeak ere baduela zerikusia CO2-emisioen gehikuntzarekin? Kontuan hartzeko neurrian, gainera. Horrenbestez, ordenagailuak garatzen dituzten enpresak emisio horiek gutxitzeko teknologiak garatzen ari dira.
Mundu mailako energia-kontsumoaren % 2 informazioaren eta komunikazioaren teknologiek egiten dute.
Artxibokoa

Pasa den urtean kaleratu zuten azterketa baten arabera, 2000tik 2005era bikoiztu egin da Interneteko zerbitzariek mundu mailan egiten duten energia-eskakizuna. Eta energia hori lortzeko erabiltzen diren metodoen ondorioz, karbono dioxidoa isurtzen da atmosferara.

Harrezkero, ordenagailuek erabiltzen duten energia-kantitatean arreta jarri dute ikerketek. Datu esanguratsuak lortu dituzte: informazioaren eta komunikazioen teknologiek egindako karbono dioxido isurketak mundu mailako emisioen % 2 dira, hegazkin-industriaren ondorioz sortutakoak adina.

Datu horiek inpaktu handia izan dute teknologiaren industrian. Ikerketa plazaratu eta astebetera, industriako izen handiek Green Grid (sare berdea) izeneko elkarlana adostu zuten. Horien artean daude Microsoft, Dell, Intel eta IBM, besteak beste.

Horien helburua da hardware eta softwareen energia-eraginkortasuna hobetzea. Izan ere, teknologia horiek aztertuta ikusi dute kasu askotan beharrezkoa ez den energia asko erabiltzen dela, programak edo gailuek lan egiteko duten erarengatik.

Horietako bat da, gezurra badirudi ere, energia aurrezteko erabiltzen den softwarea. Programa horiek prozesatze-unitatearen (PUZ) jarduera-maila kontrolatzen dute. Hala, jarduera txikia denean energia-erabilera txikitzen dute. Horretarako, programak segundoko ehunka aldiz egiaztatzen du PUZaren jarduera, eta horrek aktibo mantentzen du PUZa. Energia aurrezteko programa hori erabili gabe PUZaren jarduera txikiagoa dela ikusi dute.

Sare berdea eraikitzen

Horrelako paradoxa eta kontraesanak deuseztatzea da Green Grid akordioaren eta hori osatzen duten enpresen lana. Haien helburu nagusia da datu-zentroen energia-kontsumoa optimizatzea. Datu-zentroak sarean dagoen informazioa gorde eta berreskuratzen duten zerbitzari-sareak dira. Interneten musika jaitsi, posta elektronikoa bidali edo kreditu-txartelaren bidezko eragiketaren bat egiten den bakoitzean, datu horiek guztiak datu-zentro batean prozesatzen dira.

Internetez posta bidali edo kreditu-txartelen bidez eragiketak egiteko, beharrezkoak dira datu-zentroak.
Artxibokoa

Eragiketa horiek asko ugaritu dira azkenaldian; horren adibide garbia dira YouTube edo posta elektronikoko zerbitzuak. Duela hiru urte lehena ez zen existitzen, eta, orain, milioika bideo eta erabiltzaile ditu. Bigarrenek mezuen bolumen mugatua zuten hasieran, baina, orain, mezuak gordetzeko espazio mugagabea eskaintzen dute. Irudikatzen duzu zenbat zerbitzari behar diren munduko erabiltzaile guztien mezuak gordetzeko?

Energia aurrezteko bideak

Orain, datu-zentroen neurriaren eta energia-eskakizunaren arteko oreka bilatzen ari dira. Horrela, hiru gauza lortzen dituzte: dirua aurreztea, datuak biltegiratzeko espazio handiagoa izatea eta ingurumenean inpaktu txikiagoa eragitea.

Teknologia hobetuz,biltegiratzeko espazio handiagoa eta ingurumen-inpaktu txikiagoa lortzen da.
Artxibokoa

Gai honek garrantzi handiagoa hartzen du kontuan hartzen bada munduko biztanle askok ez dituztela oraindik teknologia hauek erabiltzen. Baina etorkizunean erabiliko dituzte, eta erabiltzaileen kopurua izugarri handitzea ekarriko du horrek. Horregatik, teknologia hauen energia-beharrek ingurumenean izan dezaketen eragina gutxitzea erronka garrantzitsua da guztiontzat: teknologia garatzen dutenentzat, noski, eta planeta honetan bizi garenontzat.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia