}

Ordutegi aldaketa

2001/10/26 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Udako ordutegiaren historia luzea da. Ideia Benjamin Franklin zientzialari estatubatuarrak proposatu zuen lehen aldiz XVIII. mendean. Gauez kandela gutxiago kontsumitzeko, udan ordulariak ordubete aurreratzea proposatu zuen, baina ideia ez zen aintzat hartu.

Udako ordutegia Lehen Mundu Gerran ezarri zen lehen aldiz. ‘Gerrako ordutegia’ deitu zioten, eta energia-eskasiak bultzatuta ezarri zuten. Neurria eraginkorra zela ikusita, zenbait herrialdek gerra ostean ere udako ordutegia aplikatzen jarraitu zuten. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, neurria gehiago zabaldu zen.

Gaur egun ezagutzen dugun udako ordutegia 1973. urteko petrolio-krisiaren ondorio zuzena da. Urte hartan, Lurralde Petrolio-esportatzaileen Erakundeak (LPEE) petrolio-blokeoa ezarri zuen eta galera ekonomiko handiak eragin zituen. Krisiaren aurrean, herrialde industrializatuek energia aurrezteko sistema normalizatua ezartzea proposatu zuten eta udako ordutegiaren oinarriak finkatu ziren. Harrezkero, martxoan ordularia ordubete aurreratzen dugu eta urrian ordubete atzeratu. Horrela, udan, beranduago arte izaten da egun argiz eta energia asko aurrezten da. Dena dela, udako ordutegiaren gainean eztabaida handiak daude. Jende guztiak ez du uste hainbeste energia aurrezten denik, eta osasun-arazoak sortzen dituela ere esaten da.

1980az geroztik Europako Batzordeak erabakitzen du Europako estatuetan ordutegi aldaketa noiz egin behar den, eta 1996az geroztik estatu guztietan egun berean egiten da aldaketa hori. Bestalde, 2001eko abendutik aurrera ordutegi-aldaketa arautuko duen 9. arteztaraua indarrean jarriko da. Bertan, ordutegi-aldaketak izaera mugagabea izango duela finkatzen da, eta aldaketa urtero martxoko azken igandean eta urriko azken igandean egingo dela. Hala ere, Europako Batzordeak bost urtez behin udako ordutegiaren egutegi ofiziala argitaratuko du. 2002an, adibidez, martxoaren 31n aurreratuko ditugu ordulariak eta urriaren 27an atzeratu.

GMT ordua (Greenwich Mean Time) Erresuma Batuko Greenwich behategian neurtzen den ordua da, eta urte osoan zehar berdin mantentzen da. 1884ko azaroaren 1ean, GMT ordutegia erreferentziako ordutegi unibertsala izango zela adostu zen, eta munduko ordu banaketa egin zen. Mundua 24 zatitan banatu zen, 12 Greenwichetik ekialdera eta 12 mendebaldera. Ekialderantz orduak gehitu egiten dira (zati bakoitzeko ordu bat) eta mendebaldera, berriz, kendu. Gu, Greenwichetik ordubete ekialdera gaude. Beraz, neguan ordubeteko aurrerapena dugu GMT orduarekiko eta udan, berriz, bikoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia