}

Orein haragijaleak

1989/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Haragia jaten duten untxiak, behiak eta ardiak beldurrezko filmetakoak bakarrik izan daitezkeela pentsa liteke. Dena den, gertaera hori errealitatetik uste baino gertuago dago Eskozian egin diren ikerketen arabera. Hebrides eta Zetland irletako orein eta ardiak hegazti-kumeen hegoak, lepoak eta hankak jaten ikusi dira.
Burua orein batek jana duen gabaia.

Hausnarkarien dietak kaltzio-eskasia duenean, batzuetan hezurrak mastikatuz konpontzen dute arazoa. Baina Eskoziako Foura (Zetland) irlako ardiek eta Rhum (Hebrides) irlako oreinek beste urrats bat eman dutela eta hegaztien kumeei erasotzen dietela ikusi du Robert Furness biologoak.

Bi animaliek kumeei erasotzeko modu uniformea daukate eta ezin daiteke pentsa erasoa jokaera aberrantea denik. Jokabideak ohizkoa dela dirudi. Ardiek ipar-txenadaren hegoak eta hankak jaten dituzte eta batzuetan kumeak bizirik uzten dituzte. Oreinek ordea, gabaien burua jaten dute eta hegoak eta hankak gutxitan.

Hegaztiak jaten dituzten belarjaleen kasu gutxi ezagutzen denez, tokiko landarediak kaltzio gutxi duenean eta habiak lurrean egiten dituzten hegaztiak daudenean bakarrik gertatzen dela erasoa pentsatzen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia