Orexa ekoherria
2008/07/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gipuzkoako ekialdean, mendian dagoen herrixka da Orexa, 100 biztanle ingurukoa, eta baliteke datozen urteetan hango biztanleek energiari buruzko lezioa ematea gainerakoei. Izan ere, "Orexa: aro berri baten atarian" izeneko proiektua abian da 2007ko ekainaz geroztik.
Proiektuaren azken helburua da energia-eraginkortasuna bultzatzea. Hau da, ahalik eta energia gutxien kontsumitzea, eta, era berean, kontsumitzen den hori herrian bertan ekoiztea, ahal den neurrian. Horretarako, energiaren inguruko diagnostikoa egingo dute, eta, ondoren, hainbat neurri proposatuko dira, batzuk dezenteko inbertsioa eskatzen dutenak, eta beste batzuk, oso diru gutxikoak.
Diagnostikoa
Proiektuaren alde teknikoaz Usurbilgo GBLHIko Energia Berriztagarrien Zentroa arduratzen ari da, Xabier Esteban Alonsoren bitartez. Hark azaldu digu lehen lana egungo egoeraren berri jakitea izan dela; beraz, herritarrei plana azaldu eta diagnostikoa egiteari ekin zioten.
Udaletxetik hasi ziren. Argiteria, leihoak, komunak eta kanilak aztertu zituzten nagusiki. Emaitzak onak izan ziren: kontsumo txikiko bonbilla ugari eta ordenagailu berri samarrak dituzte. Ur-instalazioa ere txukuna da. Kaleko farolak ere berri samarrak direla ikusi dute, eta, beraz, ez dute proposatuko aldatzerik. Nahikoa litzateke energia berriztagarriez hornitzea.
Etxe partikularretan, azterketa banan-banan egin nahi dute. Inkesta sakon batekin hasi dira: etxeen neurriaz, biztanle-kopuruaz, eta etxeko energia- zein ur-kontsumoaz galdetu dute. Ondorio batzuk ere atera dituzte jada.
Argiteriari dagokionez, adibidez, potentzia nahikotxo dago instalatuta teknologia zaharretan: etxebizitza partikularren argiztapenaren % 60 goritasun-lanparekin eta halogenoekin lortzen da; energia-kontsumoaren % 80 baino gehiago bero moduan galtzen duten bonbillekin.
Ur-kontsumoaren atalean, etxeen % 72k deskarga bikoitzeko ekipamendua du komunean, baina kaniletan % 26k soilik dauka emari-erregulatzaileren bat. Guztira 178 kontsumo-puntu zenbatu dira. Etxeetako leihoei dagokionez, gehienek egurrezko arotzeria (% 91) eta kristal bikoitza (% 76) dute.
Bestalde, emaitza positiboen artean, bada bat Xabierrek bereziki nabarmendu duena: etxeetako ohiko tenperatura. Bai inkestetan eta baita herritarrekin izan duten harremanetan ikusi dute sukaldea bero eta etxearen gainerakoa fresko --17-20 ºC-tan-- edukitzen jarraitzen dutela, 'lege zaharrean'.
Xabierren hitzetan, hirietan etxeak 22-23 ºC-an edukitzeko ohitura handia dago eta etxean mauka-hutsik ibiltzekoa, negu gorria izanagatik ere. Orexan ikusi dutenaren arabera, ordea, sukaldeak bai, bero edukitzeko joera dute, baina "jertsea jantzi eta etxea freskoago edukitzen dute, eta hori oso ohitura eraginkorra da energetikoki; energia aurrezten ari dira, nahiz eta etxe askotan teknologia eta isolamendu aldetik zer berritua badagoen".
Azkenik, energia berriztagarriekiko jarrera azaltzeko aukera ere eman da inkestan, eta erantzuna oso ona izan da: gehienek erantzun dute energia berriztagarria eskuratzeko instalazioak jartzeko prest leudekeela etxean (teilatuan edo lurrean) zein udalerrian.
Proposamenak
Diagnostikoarekin aurrera jarraitu behar dute, baina, datu horiekin, lehenengo proposamenak egiteko moduan daude GBLHIkoak.
Udal-mailan eguzki-panelen instalazioa jartzea proposatu dute, eta, jada onartua dago plazan estalpe moduko bat egitea, eta 117 m 2 panel jartzea sabaian. 15 kW-eko instalazioa izango da, eta 17.000 kW/h ekoitziko ditu urtean. Inbertsioa 14 urtean amortizatzea espero dute, (urteko 7.400 e -ko sarrerekin). Hala ere, "ekonomia, dirua, garrantzitsua da, baina filosofia ez da ekoizpen hutsa; bestelako balioa ere eman nahi diogu proiektuari".
Maila partikularrean, dirurik gastatu gabe egin daitezkeen ohitura-aldaketak zein diren azalduko dute. Eta dirua gastatu beharreko ekintzetan, kostua, eta etekina edo aurreztutakoa zenbatekoak izango diren zehaztuko dute. Lehenengo proposamena kontsumo txikiko bonbillak jartzea izango da. Gaur egun etxeen % 16tan bakarrik daude halako bonbillak, baina, guztietara hedatuz gero bost aldiz kW gutxiago kontsumituko direla kalkulatu dute. Edonola ere, asmoa ez da ohiko lanparak besterik gabe ordezkatzea. Xabierrek dioenez, seguru asko ez dago bonbilla guztiak aldatu beharrik. "Egunean behin eta oso denbora laburrez erabiltzen den tokian, ez du merezi inbertsio hori egitea, aurrezten dena hutsa edo hutsaren hurrengoa izan daitekeelako."
Uraren kontsumoa, ordea, dezente murriztu daitekeelakoan daude, % 50 arte, hain justu, uraren emari-erregulatzaileen bidez.
Industria
Orexan industria bakarra dago. Ardi-kooperatiba bat da, gazta eta mamia egiten duena, eta haren jabeek ere interesa azaldu dute proiektuan.
Enpresan badituzte hainbat arazo gazur eta purinarekin. Baita tenperaturarekin ere, udan ardiak pabiloira sartzean 20 ºC-tik gora izaten baitituzte; aireztatzea komeni da. Azkenik, belar-bolak lehortzeko erabiltzen dituzten haizagailuek ere energia elektriko asko kontsumitzen dute.
GBLHIkoek hainbat proposamen egingo dituzte arazo horiei irtenbidea ematen laguntzeko, betiere, energia berriztagarrien bidetik eta errentagarritasun ekonomikoa kontuan hartuz. Hasiera batean, aldeko faktore pare bat badago: batetik, pabilioiak 700 m 2 -ko teilatua dauka, eta, bestetik, energia-behar handiena izaten duten garaia uda da, hain zuzen ere, iturri berriztagarriak erabilita energia gehien eskura daitekeen garaia. Energia fotovoltaikoa, fototermikoa eta geotermikoa dituzte buruan.
Orexakoa ekintza partikularretatik haratago doan egitasmoa da, udalak eta herritarrek begi onez hartu dutena. Eta, halakoetan, pixkanaka emaitza onak eskuratzea baino akuilu hoberik ez dago, bai orexarrentzat eta bai eredu gisa erabil dezaketen gainerakoentzat. Lortuko ahal da ikasteko leziorik!