}

Organismo ezezagun baten arrasto fosila erreskatatu dute Itzurunen

2011/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

organismo-ezezagun-baten-arrasto-fosila-erreskata2
Zumaia-Deba biotopoan topatutako iknofosila. Arg. Asier Hilario

Duela zazpi urte, bi geologok arrasto misteriotsu bat aurkitu zuten Deba-Zumaia biotopoaren amildegian. Asier Hilario biotopoaren zuzendaria eta Juan Carlos Gutiérrez-Marco Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Gorena (CSIC) ziren geologo haiek, eta berehala ohartu ziren aurkikuntzaren garrantziaz.

Izan ere, Asier Hilariok nabarmendu duenez, "fosilak interes zientifiko handia du, batez ere, duen neurriagatik. Orain arte topatu diren era horretako fosilak 30-40 zentimetro luze dira, eta hau, aldiz, 1,53 metrokoa. Horrek berezi egiten du, aparta".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Landa Garapen Sailak zuzendu du fosilaren erreskatea. Arg. Asier Hilario

Alabaina, fosila galtzeko arriskutsuan zegoen, amildegiaren oinarrian baitzegoen, olatuen indarraren menpe, eta leku ezegonkorrean. Horrenbestez, duela gutxi, handik erauztea eta Algorri interpretazio-zentrora (Zumaia) eramatea erabaki zuten. Geroztik, han dago ikusi eta aztertu nahi duten guztien eskura.

Fosila Eozenoan, duela 49 milioi urte, bizi zen organismo baten arrasto fosildua da (iknofosila). Zientzialariek ez dute organismo hori ezagutzen, baina era horretako arrasto gehiago topatu izan dituzte, 411 milioi urteko epe bati dagozkionak (Paleozoikoko periodo ordoviziarretik Neogenora). Hala ere, ez daude ale asko, eta hainbat eratara deitu izan zaio. Dena den, fosilaren izen zientifikoa Saerichnites abruptus da.

Gaur egun, batiskafoei esker, aukera egon da itsas hondoan antzeko arrasto batzuei argazkia ateratzeko. Saerichnites canadensis deitu diete horiei, eta zaharrenak Kanbriarrekoak dira; baina, kasu horietan ere, ez dakite zein den arrastoa sortzen duen organismoa.

Biotopoan aurkitu duten alea oso egoera onean dago, eta aproposa da halako fosilen ezaugarriak ikusteko.