Organo sentikorra... krokodiloena
2002/05/20 Elhuyar Zientzia
Krokodiloa zain dago. Inguru zingiratsuan iluntasuna osoa da. Burua uretan, baina oso-osorik murgildu barik. Ahoa ur-azalean, aire-ura muga horretan du. Begiekin ikusi nahi duela ematen du, haatik... ilun dago eta ez daiteke ezer ikusi. Hala ere, harrapakina antzemateko gaitasun paregabea du krokodiloak. Izan ere, krokodiloak ez du begiekin bakarrik 'ikusten'; erabat sentikor diren orbanak ditu ahoaren inguruan, eta baita ahoaren barruan ere, eta horiek dira edozein mugimendu antzemateko gaitasuna ematen dioten organoak.
Maryland-eko Unibertsitatean lan egiten duen Daphne Soares biologoak krokodiloen jokaera aztertzeko saiakerak egin ditu, eta organo berezi horien eta sentikortasun bereziaren arteko erlazioa baieztatu du. Ur-tantak pixkanaka-pixkanaka krokodiloa dagoen uretara botaz gero, animaliak burua biratu eta, are gehiago, gorputz osoa zuzentzen du uhinen iturrira. Dena dela, krokodiloak burua uretan guztiz murgilduta edota uretatik kanpo duenean ez du inolako jokaera-aldaketarik agertzen. Horretarako, airea-ura tartean izan behar du ahoa animaliak. Krokodilo guztiek dituzte organo horiek, eta lehenik ere ezagunak ziren arren, ez zekiten zehazki zein zen horien funtzioa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia