}

Origamia programatua

2010/07/01 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Sakatu irudian bideoa ikusteko

Origamia paper-orriak tolestean datzan japoniar jatorriko artea da, paperezko lore, hegazkin, itsasontzi edo bestelako egiturak eskuekin sortzeko aukera eskaintzen duena. Baina, goiko bideoan ikus daitekeen bezala, dagoeneko bere kabuz tolesten diren orriak ere badaude.

Harvard Unibertsitateko eta Massachusettsko Teknologia Institutuko ikertzaile-talde batek oraintsu aurkeztu duen proiektuaren emaitza da hori. Paper-orri fin bati aluminiozko eragingailuak jarri dizkiote ertzetan, eta orrian txertatutako zirkuitu elektronikoek korronte elektrikoak ematen dizkietenean, haiei erantzunez, uzkurtu edo zabaldu egiten da papera. Programatutako forma lortzen duenean, orria bere horretan mantentzen da, tolestutako artikulazioetan dituen iman txiki-txiki batzuen bitartez.

Ikertzaileek diotenez, teknologia hori etorkizunean tripode ultraeramangarriak sortzeko ere baliatu ahal izango litzateke, baita espazioan zabalduko diren eguzki-plaketan aplikatzeko edo automatikoki bere barnean botatako ur-kantitate jakin bati doitzen zaion katilu bat sortzeko ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia