Ornitorrinkoa, bitxia bezain interesgarria
2008/05/08 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Ornitorrinkoaren genomaren behin-behineko sekuentziazioa egin dute Missouriko Washington Unibertsitatean, eta narrastien nahiz ugaztunen geneak dituela aurkitu dute. Horri esker, animalien eboluzioaren zuhaitzean duen kokapena zehazteko bidea izango dute zientzialariek, bai eta ugaztunek nondik eta nola eboluzionatu zuten ezagutzeko bidea ere.
Ornitorrinkoa oso bitxia da. Itxuraz, ematen du hainbat animaliaren gorputz-zatiak elkartuta eratutako animalia dela: ahateen antzeko mokoa du, atzapar palmatuak (errazago igeri egiteko), isats zapal eta zabala (kastoreena bezalakoa) eta abar. Itxura ez ezik, portaera ere zenbait animaliaren pot-pourri bat da: ugaztuna da, hau da, emeek ekoizten duten esneaz elikatzen dira kumeak, baina ernaldiaren zati bat arrautza batean ematen dute umekiek. Arrautzatik ateratakoan ez daude guztiz garatuta, eta, martsupalioen antzera, edoskitzaroan bukatzen dute garapena.
Ezaugarri horien guztien atzean geneak daude, noski. Zientzialariak liluratuta daude ikusita eboluzioan oso urrun dauden animalien hainbat ezaugarri genetikok bat egiten dutela ornitorrinkoan. Adibidez, hainbat ugaztunek obuluen alde peludikoa sortzeko dituzten geneak ditu, baita hegazti, anfibio eta arrainetan bakarrik aurkitu dituzten bi ZPAX gene ere, eta bitelogenina genea ere bai (arrainen eta hegaztien arrautzen proteina-mota bat sortzen du gene horrek).
Argazkia: Healesville Sanctuary
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia