Ornoetako lesioak sendatzeko zementu berriak
2008/02/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Biskositatea eta erradiopakutasuna
Bertebroplastian erabiltzen diren zementuen oinarrizko formulazioa hau da: monomeroa, PMMA aleak eta eragile erradiopakua. Azken horri esker, hain zuzen ere, beha daiteke zementuaren masa injekzioan. Formulazio horiek guztiek, oro har, bi baldintza bete behar dituzte: biskositate egokia eta erradiopakutasun handia izan behar dituzte. Zementuak tanta-jariorik ez izateko adinako sendotasuna izan behar du, eta, aldi berean, injektatu ahal izateko adinako jariakortasuna. Halaber, X izpien bidez ikusteko modukoa izan behar du, zirujauak une oro ikusi ahal izateko txertatzen edo injektatzen ari dena.
Egun erabiltzen diren formulazioak aplikazio berrietara egokitzeko, zementuak eraldatzen dituzte askotan zirujauek ebakuntzaren garaian, betiere injekzioa errazteko. Horretarako, batetik, fase likidoan dagoen monomero gehiago gehitzen diote zementuari, biskositatea gutxitzeko eta zirujauak lanerako denbora gehiago izateko, eta, bestetik, eragile erradiopaku gehiago txertatzen dizkiote, zementua X izpien bidez hobeto ikusteko. Aldaketa horiek, ordea, zementuaren ezaugarrietan eta toxikotasunean eragiten dute. Horren harira, EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia saileko ikertzaileek hezur-zementu akrilikoen formulazio berriak garatzen dihardute, betiere, bereziki injektatzeko zementuak direla kontuan hartuz, eta, ahal dela, zementu horiei eragin terapeutiko osagarria gehituz.
EHUko ikertzaileek ikusi dute posible dela ezaugarri erreologiko optimoak dituzten injektatzeko moduko zementu akrilikoak lortzea, PMMA aleen tamaina egokia aukeratuz gero. Izan ere, zenbat eta handiagoak izan ale horiek, orduan eta gehiago xahutzen dute polimerizazio-erreakzioan sortzen den beroa, eta, beraz, erreakzio horretan ez da horrenbesteko exotermia sortzen. Hala, ehuna ez da horrenbeste berotzen.
Bestetik, elementu bioaktiboak gehitu dizkiote zementu akrilikoari. Elementu horiekin, zementuaren eta ehun biologikoaren arteko elkarrekintza lortu nahi dute (hezurren birsorkuntza). Hain zuzen, estrontzio hidroxiapatita gehitu dute, batetik, estrontzioaren erradiopakutasun egokia eta, bestetik, zementu akrilikoaren berehalako finkapena eta osagai bioaktiboaren epe luzerako finkapena konbinatzeko.
Azkenik, beste zenbait ikerketa-zentrorekin elkarlanean, biobateragarritasunaren hainbat azterketa egin dituzte, in vitro nahiz in vivo . Orain arteko ikerketen emaitzen arabera, EHUko ikertzaileek formulatutako zementuek ez dituzte ohiko zementu komertzialek baino arazo gehiago eragiten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia