Oroimena, gure garuneko ordenadorea
1987/04/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egun informatika guztion ahotan dabil; gure gizartearen azken jostailua ordenadorea dela esan genezake. Eta informatikaren aro honetan toki guztietan entzuten eta irakurtzen dira ordenadoreenganako laudorio eta gorespenak. Ez daude gaizki alabantza guzti horiek, noski, baina ohartu al gara geuk ere "ordenadorea" geure garunean badugunaz?. Eta zein da, bada, ordenadore hori? galdetuko du irakurleak. Erantzuna oso sinplea da: oroimena.
Oroimena ordenadore batekin parekatzea ez da inolako gehegikeria, eta konparazio hau ez da berria, inolaz ere. Gure oroimena ordenadorerik ahaltsu eta azkarrena baino trebe eta abilagoa dela beldurrik gabe esan genezake, nahiz eta ordenadore batek bezalaxe lan egin ez.
Ume bat jaiotzen denean, bere garuna guztiz egituratua dago. Aurrerantzean oso gutxi aldatuko da. Gorputzeko beste zelulak ez bezala, garuneko zelulak (neurona izenekoak), lehenengo hilabeteetatik aurrera berdin-berdin mantentzen dira. Eta gorputzeko beste zelula guztiak etengabe berritzen diren bitartean, zergatik neuronak ez? Beste batzuek ordezkatuko balituzte, gordeta daukaten informazio guztia galduko litzatekeelako, eta garuna pixkanaka desegin eta suntsituz joango litzatekeelako, hain zuzen.
Pentsatzen denez, gure oroimena eratzen duen sistema guztiz konplexua 15.000 milioi nerbio-zelulaz osaturik dago. Bai, ongi irakurri duzue; 15x10 9 neurona, garunean zehar kokaturik daude. Zelula hauetako bakoitza beste neurona askori lotua dago telefono-zentral baten antzera elkarren artean sare zarratu bat eratuz. Neuronak kableen papera jokatuko lukete. Baina gure oroimenak ez du ordenadore batek bezala funtzionatzen, lehen esan dugunez. Garun-zati bat falta denean (erauzi egin delako, edota gaitz batek jota funtzionatzen ez duela geratu delako), garunean gordeta zeuden informazioak, gelditzen den garun-zatian mantentzen dira. Ordenadore bati, ordea, osagai bat kentzen badiogu, bertan gordetzen diren datuak galdu egingo dira.
Eta oroimena non dago kokatua? Garuneko zein zatitan? Oroimena ez da bihotza edo gibela bezala ikus daitekeen organoa. Oroimenaren kokapen zehatza jakin nahirik, Karl Lashley ikertzaile amerikarrak ia 25 urtetan esperimentuak burutu zituen erakutsitako arratoi-talde bat erabiliz. Arratoi bakoitzari garun-azalaren zati ezberdin bat erauzki zion, eta horrela, lehen ikasitakoa ahaztu baldin bazuten, oroimena non kokatzen zen jakin ahal izango zuen. Dena den, ez zuen inolako ondorio zehatzik lortu: erauzitako area edozein izanik ere, animaliek ez zuten ezer ahazten. Asko jota ere, beren oroitzapenak zirriborratuagoak agertzen ziren. Oroimena, leku zehatz batean kokatua egon beharrean, garun osoan zehar barreiatua dagoenaren seinale da hori.
Berriz ere ordenadoretara itzuliz, aparatuari XVIII. mendeko euskal idazleen zerrenda eskatzen badiogu, aurrena idazle guztien zerrenda aurkeztuko du eta ondoren, XVIII. mendekoak hautetsiko ditu. Gure garunak ez du horrela funtzionatzen, ezagutza batzuk aurrena eta ondoren beste batzuk aurkeztuz. Gure oroimenak datu guztiak aldi berean aurkezten dizkigu.
Bestalde, gizakian (eta itxura denez beste animalia batzuetan ere bai, maila ezberdinetan noski), epe laburrerako oroimena eta epe luzerako oroimena bereizten dira. Adibide batez errazago ulertuko da. Kalean goazela gauza bat ikusten dugu: trafiko-seinaleak, iragarkiak, gurekin gurutzatzen diren beste oinezkoak, gora eta behera dabiltzan kotxeak, semaforoak, era guztietako dendak ... Guztiaz ohartzen gara, baina minutu gutxi barru ez gara ezertaz oroitzen.
Eta eskerrak horri! Egunez egun eta urtez urte gure begien aurretik pasatzen den guztiaz oroituko bagina, zoratu egingo bait ginateke. Normalean, edozein unetan jasotako inpresioak oso epe laburrerako oroimenak jasotzen ditu, eta neuronaz neurona igarotzen dira. Baina oso zirrara fuertea izan ez bada, korronte elektriko hori ahitu egiten da, eta oroimena hil. Alderantziz gertatzen denean, inpresio edo zirrara gogorra (edo interesgarria) suertatu denean alegia, korronte hauek sinopsi berezien bidez epe luzerako oroimenera iristen dira, eta hantxe pilatzen.
Oroimena zertxobait aztertu dugu. Baina zer esan, ordea, ahazteari buruz? Nori ez zaio gertatu lagun batekin topo egin kalean eta bere izenaz ahaztua egotea. Edo "mihiaren puntan" daukagun datu horretaz gogoratu ezina? Kasu horiek hutsalak dirudite, baina beste egoera batzuetan (azterketa edo oposiziotan, adibidez) ondorio dezentez grabeagoa izan dezakete. Ahazteari buruz, mota bat baino gehiago badirela esan dezagun. Batetik, inoiz ondo ikasi gabeko datuak ahaztean ditugunekoa (hurbileko oroimenera soilik iritsi zirenak). Bestetik, une jakin batean, data edo izen batez ezin oroit gaitezkeenekoa, nahiz eta xehetasun hori gure garunean ongi grabaturik egon (eta gutxien espero dugunean berriro ere irteten da sakontasunetik): Kasu hauetan, larrialdi-egoeratan bereziki, jariatutako hormonek sinapsiak blokeatzen dituzte, eta ezagutzak azaleratzeko erabiltzen ditugun bideak etenik geratzen dira.
Eta eskolan hainbeste kostatako ezagumenduak nola galtzen dira? Haiek bagenekizkien benetan, eta zergatik ez zaikigu grabatuak geratu? Ba, itxuraz, garai hartan hain garrantzitsuak iruditu ez zitzaikigulako; ez gintuzten benetan hunkitu. Inork ez bait ditu ahazten, ordea, garai batean beretzat esanahi handia eduki zuten liburu edo filmeak, edota atsegin handiz burutu zuen lan nekoso hura.
Gizakien oroimena liburu baten antzekoa da; behin eta berriz azpimarratutako orrialdeetan irekitzen denaren antzekoa.
"Oroimena, inozoen dohaina da" esaten omen zuen Menendez y Pelayo-k. Horrela azaltzen zuen adimenarekin duen zerikusi eskasa.
Gure oroimenak ez du ordenadore batek edo bideo-grabagailu batek bezala funtzionatzen: datuak hautetsi egiten ditu .... baina sentimenduei kasu eginez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia