}

Oroimenerako gakotzat jotzen zen molekula ez da uste zen bezain garrantzitsua

2013/01/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elkarren artean zerikusirik ez duten bi ikerketak frogatu dute orain arte oroimenaren molekula izenarekin ezagutu den entzima ez dela ardatza, azkenaldian egin diren ikerketek erakusten zutenaren aurka.
oroimenerako-gakotzat-jotzen-zen-molekula-ez-da-us
Arratoi bat, memoriarekin lotutako esperimentu bat egiten. Arg. Science/AAAS

Protein kinasa M-zeta entzima da molekula hori, eta 2006tik aurrera egin zen ezagun, bazirudielako ezinbestekoa zela oroimena izateko eta gordetzeko. Hori ondorioztatu zuten urte hartan egindako ikerketa batean, eta gerora egin dituzten beste hainbat ikerketek uste hori indartu dute.

Hain zuzen, ikerketa gehienak protein kinasa M-zeta blokeatzean edo areagotzean oinarritu dira. Adibidez, ZIP izeneko peptido bat garunean injektatuta, entzima blokeatzea eta, horrela, zenbait motatako memoriak ezabatzea lortu dute karraskariekin, euliekin eta itsas bareekin egindako ikerketetan. 2011, berriz, arratoi batzuen oroimena sendotzea lortu zuten, protein kinasa M-zeta genearen kopiak zituzten birusak injektatuta.

Alabaina, orain egin dituzten ikerketek beste bide batetik jo dute. Johns Hopkins Unibertsitateko talde batek eta Kaliforniako Unibertsitateko beste batek oroimenaren entzimarik gabeko sagu transgenikoak sortu dituzte, bakoitzak bere aldetik. Eta saguek ez dute inolako oroimen-arazorik izan,ez talde batekoek ez bestekoek.

Horrez gain, bi taldeek frogatu dute ZIP peptidoak oroimenak ezabatzea lortzen duela, nahiz eta saguek ez eduki protein kinasa M-zeta entzima. Horrenbestez, azken bi ikerketa horiek agerian jarri dute, ez soilik protein kinasa M-zeta ez dela lehen uste zuten bezain garrantzitsua, baizik eta oraindik galdera asko dituztela erantzuteko, oroimenaren funtzionamendua ulertzeko bidean. Nature aldizkariak argitaratu ditu ikerketak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia