}

Osasuna arriskuan, arrazoi komertzialak direla medio

2023/04/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

osasuna-arriskuan-arrazoi-komertzialak-direla-medi
OMEk ohartarazi duenez, nazioarteko industria boteretsuen produktu eta praktika batzuek kalte nabarmena eragiten dute osasun publikoan. - Arg. Pixabay

Osasunean eragiten duten faktoreak aztertzean, baldintzatzaile biologikoez gain (genetikoak, esaterako), gero eta gehiago hartzen dira kontuan baldintzatzaile sozialak ere: generoa, lanbidea, klasea, maila ekonomikoa, bizilekua, hezkuntza, etnia… Izan ere, erabateko garrantzia dute ongizatean eta gaixotasunetan, izan infekziosoak (patogenoek sortutakoak) zein bestelakoak. 

Urrutira joan gabe, COVID-19ak horren adibide argiak utzi dizkigu. Adibidez, adin nagusikoek gazteek baino arrisku handiagoa zuten hiltzeko, kutsatuz gero (baldintzatzaile biologikoa). Bestalde, emakumeek arrisku handiagoa izan dute kutsatzeko, haien gain geratu ohi delako gaixoen zaintza, dela lanbidearengatik, dela rolarengatik (baldintzatzaile soziala).

Orain, beste baldintzatzaile-mota bati jarri dio arreta Osasunaren Mundu Erakundeak: baldintzatzaile komertzialak. Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEren buruak The Lancet aldizkarian ohartarazi duenez, nazioarteko industria boteretsuen produktu eta praktika batzuek kalte nabarmena eragiten dute osasun publikoan, eta, gainera, genero-arrakala eta beste diskriminazio batzuk areagotzen dituzte.

OMEren zuzendariaren hitzekin batera, gaiari buruzko artikulu-sorta bat ere argitaratu du aldizkariak. Nahikoa da artikuluetako batean azaltzen den datu hau, ikusteko zenbaterainokoa den baldintzatzaile komertzialen eragina: lau industria —alkohola, tabakoa, elikagai ultraprozesatuak eta erregai fosilak— urtean munduan gertatzen diren heriotzen heren baten erantzuleak dira, gutxienez.

Beste industria boteretsu batzuk ere aipatzen dira aldizkarian: farmazia-konpainiak, jokoa, meatzaritza, teknologia berriak, automobilgintza… Eta gizarte-desberdintasunetan duten ardura ere azaltzen da. Esate baterako, tabakoaren eta elikagaien industriek kolonialismoa eta arrazakeria betikotzen dituztela salatu dute. Halaber, nabarmendu dute zenbait kontsumo-ohiturek eta produktuek genero-estereotipoak indartzen dituztela, eta gogora ekarri dute haurrentzako esne-produktuen ekoizleek iruzurra baliatzen dutela saltzeko.

Agerikoa da osasun publikoko kanpaina asko hankamotz geratzen direla, industria horien boterea aintzat hartu eta mugatu gabe. Horrenbestez, ikuspegia aldatzea proposatu dute aldizkarian: barne produktu gordina alde batera utzi, eta ongizatearen ekonomia nola neurtzen den eztabaidatzea; botere desorekari aurre egin, eta eredu sozioekonomiko berriak aztertzea; osasunerako ondasun komunetan inbertitzea… Iraultza bat, finean, bizitzak irabazi ekonomikoen gainetik egon daitezen.

Helburu handinahiak diren arren, badaude adibideak norabide horretan. Adibidez, iaztik, Zeelanda Berrian, 2009tik aurrera jaiotakoek debekatuta dute tabakoa erostea, eta tabako-konpainiek zigarroen nikotina-proportzioa jaitsi eta saltokien % 90 itxi behar izan dituzte. Europan, berriz, obesitatearen aurtengo biltzarrak uko egin behar izan dio Nestle konpainiaren babesari, British Medical Journal aldizkariaren bidez ikertzaile-talde egindako presioaren ondorioz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia