}

Osiris-Rex zundak lortu du Bennu asteroidetik lagina hartzea

2020/10/21 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

osiris-rex-zundak-lortu-du-asteroidetik-lagina-har
Osiris-Rex zundak asteroideko lagina hartu duen unearen irudikapena. Arg. NASA

2016an jaurti zuten Osiris-Rex zunda espaziala, eta, bi urte eman ditu Bennu asteroidearen inguruan orbitatzen. Gaur, gaueko 00:05 h-etan, hamar segunduz asteroidean pausatu eta lagina hartzea lortu du, iragarrita zegoen bezala.

Zundak nitrogeno konprimitua bota du asteroidearen azalean, eta harrotutako partikulak jaso ditu xurgagailu batez. Helburua zen, gutxienez, 60 g jasotzea, baina asteburua arte ez dute argituko zenbat gramo jaso dituen. 2023an laginak Lurrera iritsiko direla kalkulatzen da.

NASAko ikertzaileek uste dute lagin horiek garrantzitsuak izango direla eguzki-sistemaren sorrera ulertzeko, jatorrizko material haiek eraldatu gabe mantendu baitira asteroide-mota honetan. Planeten eta Eguzkiaren beraren sortze-prozesua hobeto ezagutzen lagunduko duten esperantza dute.

Bennu asteroidearen orbita periodikoki gure planetaren orbitarekin gurutzatzen da, eta kalkulatzen dute 2135. Urtean Lurraren eta Ilargiaren artetik pasako dela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia