Ospitaleetako airea, garbi-garbia
2005/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Frantziako ikertzaile-talde batek ospitaleetako bakterioak garbitzeko sistema bat asmatu du. Sistema titanio dioxidoan eta argi ultramorean oinarritzen da. Bakterioak titanio dioxidoarekin kontaktuan daudela izpi ultramoreen eraginpean jartzen badira, deuseztatu egiten dira. Titanio dioxidoa uretan disolbatuta, erraz hil daitezke uretako bakterioak. Baina, airean badaude, nola egin titanio dioxidoarekin kontaktuan jartzeko?
Arazoa konpontzeko, hodi berezi bat asmatu dute ikertzaileek. Hodia beirazko hatzez beteta dago; hala, asko handitzen da azalera. Hodia izpi ultramoreen pean dago, eta airea hoditik pasarazten dute. Dirudienez, bakterio guztiak jartzen dira kontaktuan titanio dioxidoarekin, eta, ondorioz, hil egiten dira. Oraingoz, Escherichia coli-rekin egin dute proba, baina Legionella pneumophila-rekin ere probatu nahi dute, osasun-arazo larriak sortzen baititu ospitaleetan.